Menua

2016/08/19

Joko Olinpiko domestikoak

Kanpineko komuna, bost konketa segidan, bost neska hortzak garbitzen. Ni hirugarrenean; eskuinean neska frantses ongi jantzia, hogeita hamar bat urte, hortzetako elektrikoarekin, beti eduki nahi baina sekula izan ez dudan horietako batekin. Haren ondoan umetxo bat, begiak kliskatu orduko bere egitekoa bukatu duena, hortzetako pastak pare bat burbuila atera dituela ikusterako tu egin eta poz pozik egin du buelta. Ezkerrean andre nagusi bat, bere gezurretako hortzak asko garbitzeko beharrik ere ez duela dirudiena. Eta han, iskinan, nire lehiakideetan konpetenteena: nerabe aparatuduna, eskuilarekin mila modutara hortzak garbitzen dirauena, artelan bat balira nola. Emakume nagusia eta umea joan dira jada; eskuila elektrikoarena, dirudienez lana azkarrago egiten duela-eta berehala abiatu da beste bien atzetik. Nerabeak lanean dirau, poliki, tentuz; ni konturatu ere ez naiz egin, baina lerdea darit, hainbeste burbuilaren artetik. Lotsaz tu egin, eta lehian jarraitu dut, urrezko dominaren bila. Ja ez dut zer garbitu ere, baina berdin dio; behin eta berriro errepasatu ditut etxean banengo ametsetan ere garbituko ez nituzkeen lekuak. Amore ematekotan nagoela, nerabeak ura ahoan sartu, pare bat buelta eman eta bota egin du. Hortzetakoa busti, lehortu eta gorde egin du. Hantxe abiatu da nire konpetentzia, eta bakarrik geratu naiz, garaile, eskumuturra ahituta baina inoizko irribarrerik handi eta garbienarekin. Joko Olinpiko domestikoak, eta inoizko garaipenik zentzugabeena niretzat.