Menua

2019/06/17

Erradikala

Burgos. Uda erdialdea. Espainia profundoko bero sapa. Espainia fatxa toreroarekin lotzen dut beti bero handia. Pelikula gehiegi ikusi ditut agian. Bazkalordua (hau da, laurak). Tabernatxo batera gerturatu gara, zerbait jateko asmoz. "Tapas y jamones José Antonio", edo halako zerbait. Kanpoan, postal bateko argazkia izan zitekeena; sepia kolorean eta oroigarri-denda zahar hauetako baten kanpoaldean hautsa hartzen egoten direnetakoa. Lau gizon, haien ardo txikitoarekin, purua ahoan eta emazteak tentuz lisatutako alkandora soinean, "tapas y jamones" famatu horiek betetako sabela estaltzen diena. Eseri gara, eta zerbitzatu gaitu oso jator neska gazte batek. Biratu dira lau gizonen buruak pasatu denean: "¡Chata, tráime otro cuando pueda!". Komunera joan behar naiz. Sartu naiz tabernara, eta eskailera estu-estu batzuen gainean ikusi dut komunen karteltxoa. Hasi naiz jaisten, eta han torero bat urrezko koadroan, han bi sebillana. Errazegi jartzen didate aurreiritziak izateko. Behera iritsi, eta bi ate: gonaduna, eta bestea. Eta ni gonaduna naiz. Baina okupatuta dago. Baina aber, ni errebeldea naiz. Eta txiza egin nahi badut, ba egingo dut berdin-berdin mutilen komunean, ezta? Ze desberdintasun dago, ba? Sartu naiz, itxi dut atea krisketaz, eta prakak jaitsita hasi naiz nire speech politikoa eraikitzen. Irteten naizenean gizon "macho" hauetako bat baldin badago kanpoan itxaroten, zer? Zerbait esango dit, seguru. Eta esaten badit, ba erantzungo diot, argi eta garbi, komunak denentzat direla, eta ez dela ezer gertatzen beste komunera sartzeagatik; eta gainera, zer? Zer daki berak ni neska naizen? Ezin du hori jakin, e! Eta baldin banaiz (ze banaiz), ba zer? Ba zuloa duen gauza zuri bat dago bi ateen atzean, eta berdin-berdin egin dezake berak txiza batean edo bestean. Gainera, zer, imaginatu kartelik ez dagoela! Ah, orduan zer? Orduan berdin da? Kartelak erabakitzen du nire komuna okupatuta badago txiza aguantatu behar dudala, naiz eta identikoa den beste komun bat libre egon? Ba ez. Hori ez da horrela. Eta kitto. Prakak igo eta ireki dut krisketa, adrenalinaz blai. Prestatu dudan argumentu sortarekin. Bueno. Bueno! Entzungo dit. Ireki atea, eta ezer ez. Ez "macho ibérico"-rik, ez ezer. Triste begiratu diot gonadun kartela zuen komunari; libratu da ja. Eskailerak igotzen ari naizela, onartu behar izan diot begirada erronkariz so dudan toreroari erradikala izatea ez dela hain emozionantea, noizean behin ezin badiozu norbaiti zerbait aurpegiratu. Gauza txikitxo bat bada ere, e. Ez dakit. Ba hori, sartzea bestearen komunean eta argudiatzeko aukera bat izatea. Ze itxaron nezakeen. Baina klaro, ni erradikala naiz eta...

2019/04/09

Autoak

Idaztea auto-hustea da.
Autoa hustea, 
atzeko aldean 
urteak pilatuta daramatzan
katxarro pila ateratzea.
Auto-hustuketa,
norberaren autoaren hustuketa.
Nik autoa badut,
badut nia.
Baina ez dut gidabaimenik.
Idatzbaimena bai;
hori edozeini ematen diote.
Ez dago azterketarik horretarako.
Idaztea librea da.
Idaztea librea da?
Idazteko autoa behar da.
Behar da eduki barne ni bat.
Eta ez banaiz inor?
Ez al dut autorik?
Hobeto da garraio publikoa erabiltzea.
Gutxiago kutsatzen du.
Baina anonimoa zara
garraio publikoan.
Eta idazleoi ez zaigu anonimotasuna gustatzen.
Idazle guztiok dugu autoa.
Autorik gabe ezin da idatzi.
Ez dakit ni idazlea naizen.
Baina ez dut gida baimenik.
Atera beharko nuke.
Idatzbaimena ateratzea baino
zailagoa da gidabaimena ateratzea.
Azterketa bat dago horretarako.
Auto-eskolan ikasten da
azterketa hori nola gainditu.
Auto-eskola. 
Norberaren eskola.

Ez dut sekula gidabaimena aterako.

(In)dependentzia

Zubi zuri baten gainean ziren pintada egitekoak. Bi gazte gogotsu, indartsu. Atzetik hastea erabaki zuten, lekua kalkulatzeko, nola egingo zuten ere ez baitzeuden oso seguru. Mezuaz bai: independentzia. Urteak zeramatzaten ideia bera buruan. Poliki-poliki hasi ziren, egunez egun. Egun eguzkitsuetan ondo aritu ziren lanean. Euria hasi zen eta lana uztea erabaki zuten. “Dependentzia” irakurtzen da zubiaren gainean oraindik. 


2019/03/11

Librea, bakarra, berezia

Bi arte mota daude: jendeari gustatzen zaiona eta gustatzen ez zaiona. Ona eta txarra ez dira benetakoak. Ez dira existitzen. Beraz, nola sortu jendeari gustatzen zaion artea? Arteak librea behar du izan artea izateko. Librea, bakarra, berezia. Ikasi daiteke? Ikasitakoa ez da librea, bakarra, berezia. Ikasitakoa beste batena da. Arte berritzailea barruan eduki behar da. Eta ez baduzu? Ezin artista izan. Ze krudela den artea.
Arteak librea behar du izan artea izateko. Eta librea izateko, ezin ikasia izan. Ala ikasteak ematen digu askatasuna?

2019/01/20

Erreklamazio orria, mesedez

Erreklamazio orria, mesedez. Bai, mesedez, eta boligrafoa. Ez dut ulertzen zergatik dauden autobuseko eserlekuak binaka. Ez dut ulertzen, benetan. Inori ez zaizkio gustatzen, inor ez dago eroso. Mundu guztia sartzen da autobusera esperantza txiki horrekin, ea jende askorik ez dagoen, ea inor ez zaidan alboan esertzen. Mesedez. Hasten da autobusa betetzen eta hasten dira tentsio txiki horiek. Ai, ai, nire ondora dator. Motxila nuen jarrita alboko eserlekuan, baina kenduko dut, errespetuagatik. Baina ea zorte pixka batekin nire ondoan esertzen ez den. Mesedez. Bidaia lasaia nahi dut, nire musikarekin, nire espazio pertsonalarekin. Bai, bada ordua, indibidualtasunaren garai honetan, gure beharretara egokit... Ai, ai, ai, tori, tori, tori erreklamazio orria, ezer ez, ezer ez. Ai, hor dagoela tipoa, zenbat denbora elkar ikusi gabe, ai, ea ondoan esertzen zaidan eta hitz egiten dugun. Ezer ez, ezer ez, eskerrik asko, bai. Ai, kaixo, aspaldiko! Arrasatera zu ere? Joe, kasualitatea, e!

Hiltzea

Hilgarria zen; bizitza bera bezain hilgarria ia.
Egunen joana bezain hilgarria; erlojuen orratzen abiadura bezain geldiezina.
Ez baitago ezer bizitza baino hilgarriagorik, ez legokeelako heriotzarik bizitzarik ez balego.
Heriotzari beldurrik ez izateko modu bakarra hilda egotea da; hildakoek gainditua dute bizidunok hainbeste kezkatzen gaituen afera zentzugabeko hori.
Oraina ez da existitzen, eta etorkizuna desagertu egiten da iristen den unean bertan. Heriotza ere desagertu egiten da iristen den unean bertan; behin bakarrik duzu hiltzeko aukera, ez dago bigarren aukerarik. Pentsatzen jarrita, bizitzako erabakirik gogorrena da hiltzearena, azkena baita beti. Imaginatu zein boteretsua den, salbuespenik gabe mundu osoaren azken gogoetako protagonista baita heriotza: hil egingo naiz.
Ez dago ezer bizitza baino hilgarriagorik, eta hala ere bizitzen tematzen gara. Hiltzea da heriotzari beldurra gainditzeko modu bakarra.

2018/10/23

Tranbian

Tranbia Gasteizen. Ni zutik. Parean, alde batera, emakume nagusi bat, ilea urdintzen hasia. Bestera, mutil gazte bat, txanoa jantzita, behera begira. Ezer apartekorik ez, itxuraz. Itxi dira ateak, jarri da martxan tranbia. Besterik gabe. Hasi da, orduan, emakumea bakarrik hizketan. Nire hizkuntza-gaitasunek detektatzen ez duten erregistro batean. Erdi xuxurlaka, baina, batez ere, oso kontzentratuta. Tolerantziaren eta normaltasunaren izenean behera begiratu dut, leihotik gero, berriz ere lurrera, zein gogaikarria beti begirada nonbaiten izan beharra; orain arte ere nonbaitera begira egongo nintzen ba. Pentsatzen hastea da txarrena; gertatu zaizue noizbait zuen besoetan pentsatzen jartzea oinez ari zaretenean, eta bat-batean soberan dituzuela sentitzea? Ba hori bera. 
Geltoki bat, beste bat. Eta hasi da pareko mutila hizketan. Ez du inor ondoan. Niri hizketan ari zitzaidala pentsatu dut, baina ez; beste nonbaiten dago mezuaren hartzailea. Kaskoak daramatza; telefonoz arituko da, asmatuko zuten aparaturen bat mugikorra ukitu gabe kaskoak aktibatzeko, zer dakit nik. Pentsamendua irakurri izan balit nola, kaskoak kendu, bildu eta gordetzen hasi da, narratzaile lanak altuan egiten zituela, ez oso modu argian, baina argiro ahots ozenez. Ingurura begiratu dut ezezagunen baten harridurazko begirada konplizeren baten bila; ez da normala hau, ala? Ezer ez, aizu. Bata mugikorrera, bestea liburura, eta nire pareko biak bakoitza bere bakarrizketa publikora. Jarri naiz pentsatzen agian ni neu geratu naizela atzeratuta gizartean; balitekeela, modu isil eta klandestino batean, bakarrik hitz egitearen kontua normalizatu izana, eta ni, nire munduaren ikuskera atzerakoiarekin, hori arrarotzat ikusten duen norbaiten bila. Paretik neska minigonadun kuadrila pasatzen denean 'gaur egungo gazteria...' botatzen duen agurea bezala. Lantzeke, apuntatu dut; kontzientziazio kanpaina egin beharko dut, ea aurkitzen dudan jabetze ikastaroren bat edo. 
'Ostia! Nire geltokia zen hori!' egin dit ihes oihuak tranbia martxan jarri eta berehala. Bagoi osoak eman du buelta niri begiratzeko. Takoarengatik agian, edo kontzientziazio kanpainek oraindik egiteko asko dutelako akaso.