2019/10/07
Produktibitatearen izenean
Ikasle-egoitzako sukaldea komuna da (denontzako berbera, alegia). Goizero jaisten naiz sukaldera, kafe disolbagarria egiteko ura berotzera mikrouhinean. Kutretasunaren definiziotzat har genezake seguraski, baina tira. Horrelakoa da bizitza. Urak, gutxi gora behera, bi minutu behar ditu irakiteko. 1:45, zehatzago. Kalkulatu dut dagoeneko. Normalean ez da inor egoten sukaldean goizetan, baina gaur bi neska zeuden mahaian eserita. Hegoamerikarra bat, ingelesa bestea. Espainolez hizketan. Eta ni, katiluari begira, bueltak nola ematen dituen ikusten. Asko dira bi minutu, egiteko ezer ez baduzu. Nahi gabe, baina elkarrizketa entzuten jarri naiz. Insomnioa duela dio batek, ezin duela lorik egin ia inoiz. Goizeko bostetan jaiki, eta ezin izaten dela berriro ere lokartu. Besteak erantzun dio ikerketa bat egin duela horretaz, eta entzuteko bere gomendioa. Espero nuen zerbait zientifikoagoa, erremedioren bat, baina honakoa bota dio: joan beharko zenuke medikuarenera, eta tratatu insomnioa. Izan ere, kaltegarria da zuretzat, noski, baina baita gizartearentzat ere. Azken finean, lorik egiten ez duzun egun bakoitzeko baxuagoa da zure produktibitatea, eta dirua galtzen du gizarteak. Uste nuen loarekin zerikusia zuten ikasketak egindakoa izango zela neska, baina badirudi ekonomialaria dela gehiago. Ekonomialaria, edo multinazional bateko espia, egoitzako ikasleon artean infiltratua etorkizunean nor abduzitu jakiteko. Bietako bat. Hala ere, apuntatu dut gomendioa: siesta egiteagatik gaizki sentitzen naizen hurrengoan, nire buruari esango diot lasai egoteko, produktibitatearen izenean egin dudala. Eta listo. Ding! Berotu da ura.
2019/09/27
Ez bozkatu Justin Trudeau
Hamazazpi lagun etorri gara berez hamarrentzako izan beharko litzatekeen txalet batera. Ikasleon gauzak, badakizue; dirua ez dugu soberan ere. Demokraziaren izenean, Fast and Furious ikustea erabaki dugu sofan kabitzen garenon zortziron artean. Gainerakoek mahai jokoetan jolasten jarraitu dute. Total, ari ginen pelikula ikusten, eta iragarkiak hasi dira. Bai, Kanadan ere iragarkiak daude. Asko. Desodorante bat, kafea, eta kanpaina politikoak. Hauteskundeak izango dira laster Kanadan, eta ari dira politikariak euren partiduak saltzen. Hasi da iragarkia: “Justin Trudeau-k (partidu liberaleko hautagaiak) ez ditu bere promesak bete.” Hasi da aipatzen, banan-banan, bete ez dituen promesak: ez dakit ze lege aldatzea, ez dakit zeinen soldatak igotzea. Bitartean, bideoak pantailan: Trudeau hizketan, Trudeau oinez. “Ez fidatu Trudeaurekin. Gauza bera egingo du oraingoan. Ez bozkatu Justin Trudeau.” Eta listo, hasi dira berriro ere Fast and Furious-eko gizon ausartak kotxeak apurtzen. Hitzik gabe geratu gara, batzuk besteei begira. “Hori Trudeauren aurkako iragarki bat zen, benetan?” batek. “Hori legala da?” besteak. Denok espero genuen azken momentuko tonu aldaketa bat, zerbait. “Baina aurtengoan, dena izango da desberdina, gure akatsetatik ikasi dugulako”, edo “Baina kolonia hau erabiliz gero, ahaztu egingo zaizu politikariek esaten duten guztia”, nik zer dakit. Ikusi dira gauza okerragoak ere. Baina horrelakorik, hain gordin, sekula ikusi gabeak ginen. Kanadan desberdin jokatuko dute. Ez politikoki zuzenik, ez ezer: helburua da bestea zapaltzea zu gailentzeko, ezta? Ba hortxe. Argi eta garbi; ez bozkatu bestea, honengatik eta besteagatik. Ez dakit teknika egokia den ala ez, baina Erasmuseko ikasleak hitzik gabe uzteko modu eraginkorra da, behintzat. Hurrengo hamar minutuetan inork ez zion kasurik egin pelikulari: okupatuegi geunden etikoki zuzena iruditu zitzaigun ala ez erabakitzen.
2019/09/10
Estimulua
Pasta katilukada bat jaten Harkaitz Canoren podcast bat entzun bitartean, nire gelan. Mikrofono bat erretzeari buruz hizketan, mikrofonoaren azken hatsa grabatzeko. Kuriosoa, interesgarria. Nire makarroiei begira. Konturatu naiz ez dakidala egoten ezer egin gabe. Eta badakit ari naizela. Ari naiz jaten, ari naiz entzuten. Eta, hala ere, behar dut hirugarren estimulu bat. Ohitu naiz edukitzera zerbait begien aurrean, beti. Eta horregatik ireki dut ordenagailua. Telesail bat ikusteko-edo. Ze bakarrik nago nire gelan. Eta Harkaitz Canoren ahotsa lagun badut ere, ez dut Harkaitz Cano ikusten; pasta baino ez. Ulertezina izango zaizue agian, baina hala da. Entzumenarekin ere gertatzen zait; denbora asko daramadanean zerbait egiten (etxerako lanak, irakurri, aulki batean eserita egon), botatzen dut faltan soinua, eta jotzen dut musikara. Aurrekoan konturatu nintzen irakurtzerakoan ere musika entzuten dudala batzuetan. Inkontzienteki eskatzen dit barrenak. Letrarik gabekoa, klasikoa, pianoa, berdin du. Baina zerbait.
Irakurri nuen estimuluaren biktimak garela. Estimuluen biktima naiz ni. Eta aukeran dut ez izatea, baina banaiz. Estimuluen biktima boluntarioa naiz askotan. Gaur konturatu naiz, eta pena eman dit. Ze millenial-a naizen. Gero gogoratu naiz aurrekoan hirira joan nintzela, ni bakarrik, eta ez nuela mugikorra ia erabili, kale artean alderrai aritu nintzela hiru ordu luzez, eta parke batean eserita egon nintzela, jendearen joan-etorriei begira. Arraro begiratu zidaten batzuek; laguntzarik behar nuen galdetu zidan gizon batek, ea galduta nengoen. Gizartea ez dago prestatuta hain gazte iraultzaileentzat; aurikularrak eramango ditut hurregoan.
2019/09/06
Oinezkoarena
"Hiririk gabe ez legoke oinezkorik, ezta oinezkoaren begiradarik”. Walter Benjaminen hitzak dira; Kirmen Uribek aipatu zituen podcast batean. Oinezkoaren ideia bera
planteatu gabea nintzen orain arte: noraezean aritzen den pertsona, ausaz
hautatuz kale kantoiak, oinez aritzeaz beraz gozatuz. Herri txiki batean jaio
eta hazi naiz ni. Ez naiz oinezkoa izan inoiz. Ezin zara oinezkoa izan goitik
behera ezagutzen duzun leku batean; xarma kentzen dio. Helmuga bat izan ezean
bideak merezi ez duela pentsatzen duenetakoa izan naizela konturatu naiz duela
gutxi. Hobeto esanda, oinezko izatearen ametsa bazuen norbait, baina oinezko
izan ahal izateko hiririk izan ez duena. Oinezkoaren izaerak barne dakar
bakardadea. Bakardade positiboa, esan nahi dut; bakartasuna deituko diogu,
neutroagoa da. Bakartasuna eta jakinmina dira oinezko izateko bi giltzak. Eta,
duela astebetera arte, inoiz ez dut bakarrik bidaiatu. Québec-era iritsi eta astebetera,
hirira joatea erabaki dut, helburu zehatzik gabe. Oinezko izatera noa, nik
jakin gabe. Lehenengoz. Amerikar itxurako etxe asko, eta jendea. Ez dakit nola,
ez dakit zergatik, baina nabaritzen zaie zerbait desberdina. Ez dakit zer
daukaten, baina nabaritzen zaie atzerritarrak direla. Zer diot; ni naiz
atzerritarra. Nabarituko zait, ziur. Nire adin bertsuko tipo bat gurutzatu zait
oinez, eta begiratu dit aurpegira, eta seguru sentitu naiz. Ez dut oso ondo
ulertu. Ez zait burutik pasatu epaitu nauenik edo buelta emango duenik niri
begiratzeko, gurutzatu ostean. Andere batek “Bonjour!” esan dit.
Irribarre egin diot. Ez dut ezagutzen, baina atsegina da. Pixka bat etxean
egotea bezala; ezagutuko banindu bezala. Kirmen Uribek zioen New Yorken
oinezkoek aurpegira begiratzen dutela. Québec-en ere gertatzen da. Jatorrak dira,
eta ez dute zertan. Esango nuke hiriaren erraldoitasunak ematen duela
zilegitasun moduko bat jendearen anonimotasuna urratzeko. Segundo batez, ez
gehiago: ez dakit nor zaren, baina gurutzatu dezagun begirada iheskor bat, eta
izan daitezela pausoak begirada espaloira itzultzera behartzen gaituztenak.
Segundo bat, ez gehiago. Irribarre bat, malko bat, betaurreko lausotuak.
Parisetik etorri da nire ondoan bizi den neska. Jendea neguan desatsegina dela
dio; udan, aldiz, jatorragoak direla. Eguraldiagatik, agian? Galdetu diot.
Ezetz. Jendearen izaera dela. Neguan, bekozko ilunak; udan, begi distiratsuak. Agian turistak
dira irribarre egiten dutenak udan. Pariseko oinezkoak triste bizi dira, New
Yorkekoak eta Québec-ekoak ez bezala.
2019/06/17
Erradikala
Burgos. Uda erdialdea. Espainia profundoko bero sapa. Espainia fatxa toreroarekin lotzen dut beti bero handia. Pelikula gehiegi ikusi ditut agian. Bazkalordua (hau da, laurak). Tabernatxo batera gerturatu gara, zerbait jateko asmoz. "Tapas y jamones José Antonio", edo halako zerbait. Kanpoan, postal bateko argazkia izan zitekeena; sepia kolorean eta oroigarri-denda zahar hauetako baten kanpoaldean hautsa hartzen egoten direnetakoa. Lau gizon, haien ardo txikitoarekin, purua ahoan eta emazteak tentuz lisatutako alkandora soinean, "tapas y jamones" famatu horiek betetako sabela estaltzen diena. Eseri gara, eta zerbitzatu gaitu oso jator neska gazte batek. Biratu dira lau gizonen buruak pasatu denean: "¡Chata, tráime otro cuando pueda!". Komunera joan behar naiz. Sartu naiz tabernara, eta eskailera estu-estu batzuen gainean ikusi dut komunen karteltxoa. Hasi naiz jaisten, eta han torero bat urrezko koadroan, han bi sebillana. Errazegi jartzen didate aurreiritziak izateko. Behera iritsi, eta bi ate: gonaduna, eta bestea. Eta ni gonaduna naiz. Baina okupatuta dago. Baina aber, ni errebeldea naiz. Eta txiza egin nahi badut, ba egingo dut berdin-berdin mutilen komunean, ezta? Ze desberdintasun dago, ba? Sartu naiz, itxi dut atea krisketaz, eta prakak jaitsita hasi naiz nire speech politikoa eraikitzen. Irteten naizenean gizon "macho" hauetako bat baldin badago kanpoan itxaroten, zer? Zerbait esango dit, seguru. Eta esaten badit, ba erantzungo diot, argi eta garbi, komunak denentzat direla, eta ez dela ezer gertatzen beste komunera sartzeagatik; eta gainera, zer? Zer daki berak ni neska naizen? Ezin du hori jakin, e! Eta baldin banaiz (ze banaiz), ba zer? Ba zuloa duen gauza zuri bat dago bi ateen atzean, eta berdin-berdin egin dezake berak txiza batean edo bestean. Gainera, zer, imaginatu kartelik ez dagoela! Ah, orduan zer? Orduan berdin da? Kartelak erabakitzen du nire komuna okupatuta badago txiza aguantatu behar dudala, naiz eta identikoa den beste komun bat libre egon? Ba ez. Hori ez da horrela. Eta kitto. Prakak igo eta ireki dut krisketa, adrenalinaz blai. Prestatu dudan argumentu sortarekin. Bueno. Bueno! Entzungo dit. Ireki atea, eta ezer ez. Ez "macho ibérico"-rik, ez ezer. Triste begiratu diot gonadun kartela zuen komunari; libratu da ja. Eskailerak igotzen ari naizela, onartu behar izan diot begirada erronkariz so dudan toreroari erradikala izatea ez dela hain emozionantea, noizean behin ezin badiozu norbaiti zerbait aurpegiratu. Gauza txikitxo bat bada ere, e. Ez dakit. Ba hori, sartzea bestearen komunean eta argudiatzeko aukera bat izatea. Ze itxaron nezakeen. Baina klaro, ni erradikala naiz eta...
2019/04/09
Autoak
Idaztea auto-hustea da.
Autoa hustea,
atzeko aldean
urteak pilatuta daramatzan
katxarro pila ateratzea.
Auto-hustuketa,
norberaren autoaren hustuketa.
Nik autoa badut,
badut nia.
Baina ez dut gidabaimenik.
Idatzbaimena bai;
hori edozeini ematen diote.
Ez dago azterketarik horretarako.
Idaztea librea da.
Idaztea librea da?
Idazteko autoa behar da.
Behar da eduki barne ni bat.
Eta ez banaiz inor?
Ez al dut autorik?
Hobeto da garraio publikoa erabiltzea.
Gutxiago kutsatzen du.
Baina anonimoa zara
garraio publikoan.
Eta idazleoi ez zaigu anonimotasuna gustatzen.
Idazle guztiok dugu autoa.
Autorik gabe ezin da idatzi.
Ez dakit ni idazlea naizen.
Baina ez dut gida baimenik.
Atera beharko nuke.
Idatzbaimena ateratzea baino
zailagoa da gidabaimena ateratzea.
Azterketa bat dago horretarako.
Auto-eskolan ikasten da
azterketa hori nola gainditu.
azterketa hori nola gainditu.
Auto-eskola.
Norberaren eskola.
Ez dut sekula gidabaimena aterako.
(In)dependentzia
Zubi zuri baten gainean ziren pintada egitekoak. Bi gazte gogotsu, indartsu. Atzetik hastea erabaki zuten, lekua kalkulatzeko, nola egingo zuten ere ez baitzeuden oso seguru. Mezuaz bai: independentzia. Urteak zeramatzaten ideia bera buruan. Poliki-poliki hasi ziren, egunez egun. Egun eguzkitsuetan ondo aritu ziren lanean. Euria hasi zen eta lana uztea erabaki zuten. “Dependentzia” irakurtzen da zubiaren gainean oraindik.


Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)