Beti nahi izan
dut ezkerra izan. Ezkerreko eskuarekin idazten duena, esan nahi dut. Obsesio
txiki bat izan dut betidanik, beti pentsatu izan dut ezkerreko eskuarekin
idazteak bazekarrela halako magia bat berekin. Artisten eskua da ezkerrekoa,
ezkerreko eskuz idatziak dira libururik onenak, ezkerreko eskuz marraztuak
artelanik ederrenak. Ez dut frogarik, baina ezta dudarik ere. Eskuineko eskuarekin
idatzi dut nik beti. Nahi izan dut txikitatik artista izan, (nahi izaten dut
oraindik ilusio handiz esnatzen naizen egunetan), baina beti falta izan zait
azken elementua, jaiotzetiko kualitatea: ezkerra izatea. Ez nazazue gaizki
ulertu, ezker eskuaz idazteak ez dakar gaitasun artistikorik intrintsekoki. Baina
ezkerra bazara, eta gainera artista, biderkatu egiten du zure artistikotasuna.
Eta hori horrela da. Egia esan, saiatu izan naiz ezkerra izaten noizbait.
Saiatu naiz ikasten. Baina ez da gauza bera ezkerra izatea ala eskuin konbertitua
izatea. Eta, noski, eskuintasun konbertituak ez du magia bera; ez daukat erremediorik.
2020/04/18
2020/02/26
Erlijio unibertsala
Italiako herri txiki batekoa da nire klasekideetako bat. Gure kontuez ari ginela, erlijioaren gaia irten zen ekarrizketan. Kontatu zidan bere herrian mundu guztia joaten dela txikitatik elizara; gurasoek hala aginduta, noski. Katolikotasunaren ordena logikoa jarraitzen dutela belaunaldi berriek ere: bataioa, jaunartzea, konfirmazioa, ezkontza, eta heriotzak banatu arte. Bera bigarren pausoaz geroztik hasi zen kontuarekin pixka bat nazkatzen. Ez zitzaion gustatzen konfesatzera joan behar izatea: formala zen bera, baina apaizak ez zion joaten uzten ekintza txarren bat aitortu arte. Gainera, behin gaiztakeria asmatutakoan, hogei aldiz errepikatu behar izaten zion gauza bera elizako hormari barkatua izateko. Jainkoa hain ona bazen, zergatik behartzen zuen bekatuak asmatzera? Hirugarren pausoa bete eta berehala utzi zion jainkoarengan sinesteari. Ez zen bere buruan sartzen hain izaki ongile batek nola babes zezakeen hainbeste bazterketa, hainbeste diskriminazio. Galdera asko egiten zizkion katekesia erakusten zion monjari, eta hark ezin erantzun. Erantzunik ez, eta bere erantzun propioak bilatu zituen. Harro sentitu nintzen nire gurasoek hezi ninduten moduaz: erlijio oroz at, eta askatasun osoz. Hurrengo egunean, hizketan ari ginela, kontatu zidan bere lagun bat hogeita hiru urterekin ezkondu berri zela, eta ezkondu arte itxaron zuela sexu harremanak edukitzeko. Uste nuen ez zela existitzen “arau” hori betetzen zuen gazterik; harritu egin ninduen. Kontatzen jarraitu, eta esan zidan: “elkarri oinak garbitu zizkioten ezkontzan, imajinatu”. Grazia handia egiten zion kontuak, eta xelebre samarrak izango zirela imaginatu nuen. Ez nion garrantziarik eman, airean geratu zen iruzkina. “A, agian zuk ez dakizu zergatik. Badakizu ekintza horren esanahia, ezta?” Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin erlijioarekin zerikusia zuen zerbait izan zitekeenik.
Literatura unibertsaleko klaseetan ere gauza bera gertatzen zitzaidan askotan; Bibliari erreferentzia amaigabeak egiten zaizkio klasikoetan, erabiltzen dira irudi erlijiosoak, sinboloak. Eta nik ez ditut ulertzen. Beti egon naiz oso harro guztiz ateoa izateaz, baina ari naiz konturatzen erlijioa historia dela, oinarria dela. Ari garela aldatzen, baina iragana ulertzeko ezinbestekoa dela kristautasunaren oinarrien berri izatea. Eta gai horretan ezjakin samarra izateak progre itxura eman badiezadake ere noizean behin, bizitza beti da dibertigarriagoa besteen erreferentziak ulertzeko gai zarenean.
Literatura unibertsaleko klaseetan ere gauza bera gertatzen zitzaidan askotan; Bibliari erreferentzia amaigabeak egiten zaizkio klasikoetan, erabiltzen dira irudi erlijiosoak, sinboloak. Eta nik ez ditut ulertzen. Beti egon naiz oso harro guztiz ateoa izateaz, baina ari naiz konturatzen erlijioa historia dela, oinarria dela. Ari garela aldatzen, baina iragana ulertzeko ezinbestekoa dela kristautasunaren oinarrien berri izatea. Eta gai horretan ezjakin samarra izateak progre itxura eman badiezadake ere noizean behin, bizitza beti da dibertigarriagoa besteen erreferentziak ulertzeko gai zarenean.
2020/02/11
Errealitate birtuala
Arratsaldeko bostetako autobusa lepo betetzen da beti. Tentsioa nabari da geltokira iritsi bezain pronto: begirada iheskorrak, ni iritsi naiz zu baino lehenago, egon ziur ni ez banaiz autobusean sartzen zu ere kanpoan geratuko zarela nirekin. Sartu naiz, geltokira denetan azkena iritsi banaiz ere, eta zutik bidaiatzea tokatu. Berdin zait, egia esan; ez dit askorik axola. Hogeita bost urte inguruko neska batek altxatu eta bere lekua eskaini dit segidan. Zahar samar sentitu, eta lasai egoteko esan diot, lotsatuta. Hurrengo geltokian jaitsi da; baliteke horrek ere zerikusia izatea eskaintzarekin. Geltoki bat bestearen atzetik, betetzen joan da autobusa, eta ni irteera atearen ondoan geratu naiz ataskatuta. Ez aurrera eta ez atzera, jende artean mugitu ezinik. Haatik, jendez inguratuta egonda ere, nabaritu dut zerbait arraroa, jendea deskonektatuta egongo balitz bezala. Ingurura begiratu, eta jende guztiak daramatza kaskoak, airpod horietakoak, aurikularrak. Bakoitza bere musika bandarekin, bakoitza bere pelikula propioa bizitzen; diskoteka erraldoi batean, jartzen ari diren musika entzuten ez duen bakarra izango banintz nola sentitu naiz. Emakume nagusi bat altxatu da hurrengo geltokian jaisteko. Zerbait barregarria gertatu omen zaio altxatzean, eta komentatu egin dio bere pareko mutil gazteari. Mutilak, kasko beltz erraldoi batzuk buruan, irribarre egin dio. Emakumeak, esan diona ulertuko ez zuelakoan-edo, errepikatu egin dio, altuago. Mutilak, kaskoak kentzeko inongo asmorik gabe, irribarre egin dio berriro ere, andrea ergela balitz bezala. Errealitate birtuala zirudien, etorkizuneko munduaren irudikapen bat: gero eta indibidualistago, guk geuk aukeratuko dugu entzun nahi duguna, guk diseinatuko dugu gure bizitzako soinu banda uneoro. Eta aizu, nirekin hitz egin nahi baduzu, itxaron zure txanda. Hurrengo geltokian jaitsi da andrea, eta “au revoir, bonne journée” esan diot. Irribarre egin dit, eta “bonne journée, ma belle” esan dit. Normalean lotsa emango lidake ezezagun bati hitz egiteak, baina gaur berdin izan zait: banekien emakumeak baino ez zidala entzungo, gainerakoak okupatuegi baitzeuden Beyoncéri entzuten.
2020/01/14
Uraren zikloa
Lasaigarria da elurraren zuria. Elurra garbia da hemen, ia itsutzeraino. Inola ere zikindu ezin den izara garbitu berriaren antzera besarkatzen ditu espaloiaren izkinak, zelaiko belarraren gainean pausatzen da, goxo, zuhaitzentzat propio utzitako hutsune perfektuak ahaztu gabe. Urtxintxen oin txikiek ere osatzen dute koadroa, oinatz txiki perfektuekin marrazten baitute zuhaitz batetik besterainoko bidea, eta pof! desagertzen dira gero, aingeru batek lurretik desagerraraziko balitu nola. Bihurrikeria bat egin berri duen umetxoak kristalezko begiekin begiratzen didanean bezala, halaxe sentiarazten nau elur geruza ukigabeak. Nola ez dizkiot barkatuko, ba, hotz zorrotza eta bost galtzerdi pare eraman beharra, trukean laztantzen banau hain goxo bere maluta izoztuekin, margotzen badu nire mundua lasaitasunez. Elurraren hotza goxoa da, ez zaitu inbaditzen hezurretaraino, ez zaitu behartzen aterkia eramatera gero haize bolada batekin suntsitzeko. Elurraren hotzak aurpegia tenkatzen dizu hasieran, ezpainak zartatzen dizkizu asko jota, baina asmo onez egiten du. Muskuluak zurruntzen badizkizu da atentzioa deitzeko, berari bakarrik begira diezaiozun.
Izotza heldu distantea da, negozio-gizon boteretsua; gutxitan tokatzen zaizu parean, baina datorrenean badakizu kontu serioek dakartela. Garrangak edo gorbatak, biak dira hotzaren seinale. Euria, aldiz, nerabe ezegonkorra da, haserretzen denean dena buruz behera utz dezakeena. Blai eginda utz zaitzakeena hezurretaraino sartzen bazaizu, hotzikarak eragiten dituena baita etxera sartu ostean ere. Elurra umetxo inuzentea da, purua, asmo txarrik gabekoa. Esku pottoloz laztantzen zaituena egun hotzetan, ez zaituena ulertzen baina nolabait entzuten ari zaizula dirudiena. Hori da, hein handi batean, elurrak duen xarma: eramaten gaituela bueltan gure haurtzarora, ilusiora; arazorik gabeko garai haietara, non leihotik elur maluta txiki bat ikusi orduko gainerako guztia ahazten genuen: ez lanik, ez betebeharrik, jolastea besterik ez.
2019/12/02
Pseudo sakontasuna
“Idazmen kritikoa” da nire ikasgaietako bat. “Critical writing”, ingelesez. Bi orduko eskola magistrala izan ohi dugu, eta ordubeteko klase praktikoa gero. Klase praktikoan hamabost baino ez gara; zoragarria da. Idazten ikasi dugu; nola? Astero idatziz. Klasean ikasi dugu, astero-astero, nola idatzi. Argumentuak nola aukeratu eta sailkatu, iturriak nola hautatu eta ebaluatu, hiztegia eta tonua nola neurtu, eztabaida nola testuinguratu. Irakaslea gaztea da, ondo azaltzen du, gertuko adibideak erabiltzen ditu (Star Wars, Trump, Simpsondarrak), eta, batez ere, maite du guri azaltzea dakiena, eta maite du guk ulertzea. Eta nabari da, eta eskertzen da. Kontua da, gaur aritu garela falazia informalei buruz. Izena jarri diegu egunero entzuten ditugun argumentu hutsei, baliogabeei. Nire falazia mota gustukoena “pseudo sakontasuna” da: hitz handiak erabiltzea, ezjakintasun hutsuneak betetzeko. Burura etorri zaizkit zenbait militante jakintsu euskaldun independentista komunista begano feminista, euren diskurtsoa eraikitzen. Prentsaurreko luze eta astunak, eta gero eta hitz potolo gehiago, orduan eta hobeto. Cisheteropatriarkatuaren morrontzapean dirau gure gizarte kapitalistak, espezismoaren itzal ilunak atzetik darraigu eta transfobiaren eta lodifobiaren kate astunek hondoratzen gaituzte klase kontzientziarik gabeko estatu zapaltzaile honek betikotzen duen putzu sakonean. Hori bai, eskatu iezaiozu azaltzeko manifa zeren aldekoa den, eta ea nola irteten den hortik. Bai, ez? Badakigu zein espezieri buruz ari naizen. Gero eta argiago dut erabiltzen ditugula hain hitz potoloak beldur garelako argumentuekin ezingo ote dugun gure borroka defendatu. Errazagoa delako buruz ikastea “cisheteropatriarkatua” eta botatzea zentzu handirik gabeko esaldi baten erdian, cisheteropatriarkatuaren alde txarrak azaltzea baino. Ze, aizu, ez dakit herri honetan feministak izango garen, baina femilistoak, desde luego, bagara.
2019/11/28
Arraza
Aurkezpenak ari gara egiten ingelesean. Gai bat aukeratu, eta klase aurrean aurkeztu. Talde txikietan, baina; sei pertsonako taldeetan, borobilean jarri ditugu aulkiak, eta gertuko elkarrizketa formatuan-edo egin ditugu aurkezpenak, txandaka. Gaur ez zait aurkeztea tokatzen, entzutea bakarrik. Etorri da lehenengo pertsona aurkeztera gure taldera; hiri handien anonimotasunari buruz aritu da, nahiko txukun, tipo nahiko afeminatu bat, urduri samar zegoena. Hurrengoa. Whiskiari buruz. Honek ere ezin ezin ezkutatu izan du azentu frantsesa “r” batzuetan. Ados. Hurrengoa. Eseri zait ondoan, eta egia esango dizuet: ez dakit zeri buruz aritu den. Nire burua beste zerbaitetan zegoen; aitortuko dizuet zertan, lotsagarri samarra izan arren. Ondoan eseri zaidan segundotik, ahots zoli bat piztu zait barnean: lehenengo aldia da pertsona beltz bat hain gertutik hizketan ikusten duzuna. Hau da, ikusi izan dut jende beltza hizketan, baina ez nirekin. Tipo hau niri ari zait bere gaia aurkezten, metro erdira, eta beltza da. Oso. Haur bati jartzen diozunean bezala zarata egiten duen jostailu bat begien aurrean, nire burmuina hipersentsible bihurtu da. Herrixkarik isolatueneko baserritarrak nola aztertu dut tipoa: esku ahurraren kolorea besoaren kolorearen aldean, mingain ezin arrosagoa ezpain beltz eta lodien artean, ile kizkur-kizkurra (baina ez nire kizkurraren antzekoa, beltz-kizkurra, badakizue). Ze internazionala naizen, zenbat dakidan munduaz, ze aurreiritzi gutxi ditudan, ze modernoa naizen; tipo beltz bat jarri ondoan, eta munduko izaki exotikoenaren gisan aztertzea baino ez zait irten. En fin, egunero ikasten da zerbait. Gaur, adibidez, oso erraza dela esatea ez zarela arrazista, zure “arrazak” baino inguratzen ez zaituenean. Adibidez.
2019/11/04
"Aniztasuna"
Kanadako Kongresuko free tourra egiteko eman dut izena, goizeko 12:20rako. Iritsi, eta aireportukoen gisako kontrol bat pasatu behar izan dut: gerrikoa, mugikorra, hustu poltsikoak, pasatu metalen detektorea. Urduri jartzen naiz pasatzen naizen bakoitzean, norbaitek konturatu gabe atzeko poltsikoan pistola bat sartuko ote didan beldurrez-edo. Nik zer dakit. Utzi didate pasatzen, nire bi motxilak eta eskale itxura ematen didan bigarren eskuko txamarra handiegia gorabehera, eta iritsi naiz areto handi batera, sofa erosoz betetako itxaron-gela bat duena izkina batean. Bideo bat dago jarrita paretetako batean. “Kanadako Kongresuko jende azpimarragarria”, edo halako zerbait. Hasi da bideoa, eta gizon heldu zuriak hasi dira agertzen; “Very Honorable” hau eta “Honorable” bestea. Ez dakit zeren araberakoa den “very” hori. Eta, orduan, agertu da Kongresuko lehen gizon beltza. Ados, garrantzitsua. Lehen emakumea. Garrantzitsua, noski. Lehen inuita, lehen indiar-kanadiarra, lehen txinatar-kanadiarra. Puntu batetik aurrera, jende garrantzitsuaren aurkezpena baino, hasi zait iruditzen Kongresuan sekula egon den “aniztasun” guztiaren katalogo bat. Azken aldian, sareetan-eta, inklusiboak izaten saiatzen direnean bezala, eta bukatzen dutenean diseinatzen zakildun emakume* lodi herren asexual txinatar-afrikarra. Gutxiago erakutsi eta gehiago egiten hasi, lagunok. Jarraitzen du aurkezpenak: lehenengo pertsona itsua. Bere homosexualitatea publiko egin zuen lehen gizona. Bere homosexualitatea publiko egin zuen lehen emakumea. Bere homosexualitatea publiko egin zuen lehen emakume beltza. Begira ze aurrerakoiak garen! Emakume beltz lesbiana bat izan genuen Kongresuan! Aurkezpeneko azken pertsonak zenbat ezaugarri “azpimarragarri” zituen aipatu ere ez dut egingo. Hasi da bisita gidatua: interesgarria iruditu zait, eraikina ere oso polita. Bukatu denean, Kanadako Lehen Ministro izandako guztien erretratuak ikusgai dauden lekura eraman gaituzte, galeria luze batera. Ezetz asmatu zein itxura zuten erretratatuen ehuneko laurogeita hamabostek.
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)