Menua

2020/06/24

"When zure etxekoi jartzen denean fully txirulas"

Ari da sortzen euskara berri bat, eta ari da bere bidea egiten. Gure altxor akademikoak (euskarak, argi geratu ez bada) ere balio du umorea egiteko, eta badu malgutasuna, beti kontrakoa pentsarazi diguten arren.

Duela gutxira arte ez gintuen konbentzitzen; kutsu zaharkitu bat zuten euskaraz erakusten zizkiguten irain eta espresioek. Orain beste gauza bat da: orain Instagramen dago. Eta funtzionatzen du. 

Nire ustez, funtzionatzen du gertukoa delako, eta identifikatuta sentitzen garelako; barrea eragiteko ezinbestekoa da askotan. Instagramen ikusten baduzu Trumpi buruzko meme bat, grazia egin diezazuke hein batean, zein eta nolakoa den badakizulako, baina urrun geratuko zaizu ezinbestean. Aldiz, Instagramen agertzen bazaizu Otegiren erakargarritasunari buruzko meme bat, grazia egitekotan grazia handia egingo dizu, zure herrian egon zenean lagunak horixe bera komentatu zizulako edo zure ama berarekin maiteminduta dagoelako. Gauza bera hizkuntzarekin: ez da gauza bera azentu andaluziarraren ulertezintasunarekin jokatzen duen txiste bat edo "eskerrik" dioen jendea deabruarekin alderatzen duena. Baliteke andaluziarren bat ezagutzea, baina askoz probabilitate handiagoa dago okindegian norbaiti "eskerrik" esaten entzuteak zure barne sua pizteko. Umore absurdoak ere asko balio du: Gucci markako kamiseta bat pixka bat aldatu eta "Gipucci" idaztea nahikoa da niri barre algara bat ateratzeko. Txorrada bat da? Bai. Barregarria da? Oso. Eta ez hori bakarrik, perfektua da zure lagun gipucciari bidaltzeko, eta kode bat sortzeko: hortik aurrera, Gucci markako kamiseta bat ikusteak zure lagun gipuccia gogoraraziko dizu, eta irribarre bat aterako dizu. Gauza txikiak dira, baina lehen ez zegoen horrelakorik, edo behintzat, ez hain eskura.

Ez dago euskal friki bat izan beharrik gauza hain sinpleak ulertzeko, euskara hutsean egon eta euskal panoramari buruzkoak izan arren. "When zure etxekoi jartzen denean fully txirulas" esaldi bat da, eta zentzua dauka. Onena? Instagrama duten euskal gazte gehienek ulertzen dute.

Etxekoi ingeleseko "homie" hitzetik dator, gaztelerazko tío edo hermano baten antzekoa litzatekeena;

Homie hitza home-tik dator, etxekoa, gertuko laguna-edo. Euskaraz? Home etxe bada, homie etxekoi. Eta ulertzen da! Eta kontestuarengatik, txirula izan daiteke drogen efektuekin zerikusia duen edozer: mozkor, drogatuta egotea, drogazale bat izatea, kokainomano bat, edaria gustuko duena. Edozer. Kontestuak erabakitzen du, eta ikusleak ulertu. Gainera, euskaraz dakiten gazte gehienek badakite ingelesez ere. Beraz, irakurtzen dutenean "When zure etxekoi jartzen denean fully txirulas" meme baten barruan, ulertzen dute, hizkuntza nahasketak grazia egiten die, harro sentitzen dira ulertu dutelako, eta nahasketa horrek barrea eragiten die. Instagramen dagoenez, erabakitzen dute beraien etxekoi fully txirulas-ari bidaltzea, eta umore-kate bat sortzen da. Txantxetan lehenengo eta edozein elkarrizketatan gero, etxekoi deitzen hasten zaizkie lagunei, eta atzo gaueko txiruladari buruz hitz egiten dute hurrengo egunean. Eta voilá!


2020/05/23

le mot juste

 

Mot juste edo hitz egokiari dagokionez, nahiko oker zabiltza. Estiloa erritmo kontua da, eta ez besterik. Erritmoa duzun momentuan, ezinezkoa da hitz desegokia aukeratzea. Hala ere, hemen nago goizeko hamaiketan, ideiaz gainezka, errebelazioak barne, eta ezin ditut erabili erritmo egokia falta zaidalako. Erritmoa definitzearena oso sakona da; hitzak baino haratago doa. Eszena batek, emozio batek, olatu bat sortzen du gogamenean, berau azaltzeko gai den hitzik agertu baino askoz lehenago; idazterakoan, (hau da orain uste dudana) bakoitzaren betebeharra da hori guztia hartu eta lantzea; itxuraz, honek ez du hitzekin zerikusirik. Orduan, olatua hautsi eta gogamenean finkatzen denean, hitzak euren lekua hartzen hasten dira gutxinaka. Hau da orain uste dudana; dudarik gabe, beste iritzi bat izango dut hemendik urtebetera.

Virginia Woolf, nik itzulia.

The Great Wave, Kanagawa
Kanawagako olatu handia, Hokusai

2020/05/17

“Blackface”-a: zurion aurpegi beltzak

Behin, Québec-eko idazmen kritikoko klasean, irakasleak eskatu zigun kontatzeko gogoan genuen anekdotaren bat, ideologikoki beste norbaitekin bat etorri ez ginen momenturen bati buruzkoa: ea zer gertatu zen, zein ziren bi ikuspuntuak, eta nola konpondu genuen kontua. Niri etorri zitzaizkidan adibide pare bat burura, baina nahiko eskasak betiere; nire oso antzera pentsatzen duen jendez inguratuta nago egunero, eta nahiko iritzi politikoki zuzenak ditudala esango nuke. Berehala altxatu zuen eskua neska beltz batek. "Blackface"-a aipatu zuen, eta kontatu zuen nola eduki zuen eztabaida bat blackface-a zeraman mutil zuri batekin; mundu guztiak ulertu zuen zein fenomenoz ari zen hizketan. Bazirudien, gainera, gehienak zetozela bat bere ikuspuntuarekin, nahiz eta zuritasun erabatekoa izan gelan nagusi. Ordenagailua nuen aurrean, eta disimulu handiz konprobatu nuen uste nuenaz ari zela: blackface-a aurpegia beltzez margotzea da, pertsona beltz batez mozorrotzeko. Neskaren ahotsean nabaritu nuen haratago zihoala, ez zela mozorro huts bat. Gainera, pil-pilean zegoen kontua gerora jakin nuenez: Kanadako presidente Justin Trudeau-ren argazki batzuk publiko egin ziren denbora asko ez zela, irakasle zeneko inauteri jai batean aurpegia beltzez margotuta zeraman eta sekulako zalaparta eragin zuen, itxuraz hain tolerante eta zuzena den presidentea halako egoeran ikusita. Barkamena eskatzera irten behar izan zen behin baino gehiagotan, bere iraganeko ezjakintasuna adierazi eta benetako damua erakustera.

Hemen halako debateak ez daude hain presente. Beltzen borroka horixe da; haien borroka, eta listo. Hemen bai, borrokatu behar dute onarpenerako eta integraziorako, baina ez beste edozein ez-zurik baino gehiago. Ipar Amerikan, ordea, bestelakoa da kontua. Oso presente dago beltzekiko diskriminazioa, Alemanian Holokaustoa oso presente dagoen bezala. Esklabutza bukatu zen duela 150 urte inguru, baina minak hor jarraitzen du. Eta nabari da. Blackface-arekin jarraituz, pixka bat ikertzea erabaki nuen, eta oso bideo interesgarri bat aurkitu nuen YouTuben. Historikoki, beltzak barregarri uzteko erabili izan da betidanik. Estatu Batuetan, "Minstrel Show"-etan hasi ziren blackface-a erabiltzen fenomeno errepikari gisa, eta jende afroamerikarraren hitz egiteko moduari, izaerari eta ohiturei burla egiten zieten "komedia" erakustaldi hauetan. Gaur egun, argi dago blackface-a arrazista eta onartezina dela, eta lekuz kanpo dagoela beti. Argi dago, Ipar Amerikako leku batzuetan behintzat. Hemen, aldiz, ez hainbeste. Hemen diodanean diot Euskal Herrian eta Espainian, orokorrean. Idatzi izan dira pare bat artikulu euskaraz honi buruz, baina gai ezezaguna da gehienontzat. "Tu cara me suena" programa ospetsuan, esaterako, blackface-era jotzen dute lehiakideek artista beltz bat imitatu behar duten bakoitzean. Arazoa da nik ere ikusi izan dudala behin edo beste programa, eta ez zait iraingarria iruditu inoiz. Ez badago kontzientziarik, ezin aldarrikapenik egin. Guztiarekin bezala, ikaste prozesu etengabean gaude gai honekin, eta esango nuke hasiera lerroan gaudela gehienok
oraindik.

Minstrel Show-ak iragartzeko kartela, Blackface-a erakusten duena.




2020/04/18

Eskuin konbertitua


Beti nahi izan dut ezkerra izan. Ezkerreko eskuarekin idazten duena, esan nahi dut. Obsesio txiki bat izan dut betidanik, beti pentsatu izan dut ezkerreko eskuarekin idazteak bazekarrela halako magia bat berekin. Artisten eskua da ezkerrekoa, ezkerreko eskuz idatziak dira libururik onenak, ezkerreko eskuz marraztuak artelanik ederrenak. Ez dut frogarik, baina ezta dudarik ere. Eskuineko eskuarekin idatzi dut nik beti. Nahi izan dut txikitatik artista izan, (nahi izaten dut oraindik ilusio handiz esnatzen naizen egunetan), baina beti falta izan zait azken elementua, jaiotzetiko kualitatea: ezkerra izatea. Ez nazazue gaizki ulertu, ezker eskuaz idazteak ez dakar gaitasun artistikorik intrintsekoki. Baina ezkerra bazara, eta gainera artista, biderkatu egiten du zure artistikotasuna. Eta hori horrela da. Egia esan, saiatu izan naiz ezkerra izaten noizbait. Saiatu naiz ikasten. Baina ez da gauza bera ezkerra izatea ala eskuin konbertitua izatea. Eta, noski, eskuintasun konbertituak ez du magia bera; ez daukat erremediorik.  

2020/02/26

Erlijio unibertsala

Italiako herri txiki batekoa da nire klasekideetako bat. Gure kontuez ari ginela, erlijioaren gaia irten zen ekarrizketan. Kontatu zidan bere herrian mundu guztia joaten dela txikitatik elizara; gurasoek hala aginduta, noski. Katolikotasunaren ordena logikoa jarraitzen dutela belaunaldi berriek ere: bataioa, jaunartzea, konfirmazioa, ezkontza, eta heriotzak banatu arte. Bera bigarren pausoaz geroztik hasi zen kontuarekin pixka bat nazkatzen. Ez zitzaion gustatzen konfesatzera joan behar izatea: formala zen bera, baina apaizak ez zion joaten uzten ekintza txarren bat aitortu arte. Gainera, behin gaiztakeria asmatutakoan, hogei aldiz errepikatu behar izaten zion gauza bera elizako hormari barkatua izateko. Jainkoa hain ona bazen, zergatik behartzen zuen bekatuak asmatzera? Hirugarren pausoa bete eta berehala utzi zion jainkoarengan sinesteari. Ez zen bere buruan sartzen hain izaki ongile batek nola babes zezakeen hainbeste bazterketa, hainbeste diskriminazio. Galdera asko egiten zizkion katekesia erakusten zion monjari, eta hark ezin erantzun. Erantzunik ez, eta bere erantzun propioak bilatu zituen. Harro sentitu nintzen nire gurasoek hezi ninduten moduaz: erlijio oroz at, eta askatasun osoz. Hurrengo egunean, hizketan ari ginela, kontatu zidan bere lagun bat hogeita hiru urterekin ezkondu berri zela, eta ezkondu arte itxaron zuela sexu harremanak edukitzeko. Uste nuen ez zela existitzen “arau” hori betetzen zuen gazterik; harritu egin ninduen. Kontatzen jarraitu, eta esan zidan: “elkarri oinak garbitu zizkioten ezkontzan, imajinatu”. Grazia handia egiten zion kontuak, eta xelebre samarrak izango zirela imaginatu nuen. Ez nion garrantziarik eman, airean geratu zen iruzkina. “A, agian zuk ez dakizu zergatik. Badakizu ekintza horren esanahia, ezta?” Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin erlijioarekin zerikusia zuen zerbait izan zitekeenik. 
Literatura unibertsaleko klaseetan ere gauza bera gertatzen zitzaidan askotan; Bibliari erreferentzia amaigabeak egiten zaizkio klasikoetan, erabiltzen dira irudi erlijiosoak, sinboloak. Eta nik ez ditut ulertzen. Beti egon naiz oso harro guztiz ateoa izateaz, baina ari naiz konturatzen erlijioa historia dela, oinarria dela. Ari garela aldatzen, baina iragana ulertzeko ezinbestekoa dela kristautasunaren oinarrien berri izatea. Eta gai horretan ezjakin samarra izateak progre itxura eman badiezadake ere noizean behin, bizitza beti da dibertigarriagoa besteen erreferentziak ulertzeko gai zarenean.

2020/02/11

Errealitate birtuala

Arratsaldeko bostetako autobusa lepo betetzen da beti. Tentsioa nabari da geltokira iritsi bezain pronto: begirada iheskorrak, ni iritsi naiz zu baino lehenago, egon ziur ni ez banaiz autobusean sartzen zu ere kanpoan geratuko zarela nirekin. Sartu naiz, geltokira denetan azkena iritsi banaiz ere, eta zutik bidaiatzea tokatu. Berdin zait, egia esan; ez dit askorik axola. Hogeita bost urte inguruko neska batek altxatu eta bere lekua eskaini dit segidan. Zahar samar sentitu, eta lasai egoteko esan diot, lotsatuta. Hurrengo geltokian jaitsi da; baliteke horrek ere zerikusia izatea eskaintzarekin. Geltoki bat bestearen atzetik, betetzen joan da autobusa, eta ni irteera atearen ondoan geratu naiz ataskatuta. Ez aurrera eta ez atzera, jende artean mugitu ezinik. Haatik, jendez inguratuta egonda ere, nabaritu dut zerbait arraroa, jendea deskonektatuta egongo balitz bezala. Ingurura begiratu, eta jende guztiak daramatza kaskoak, airpod horietakoak, aurikularrak. Bakoitza bere musika bandarekin, bakoitza bere pelikula propioa bizitzen; diskoteka erraldoi batean, jartzen ari diren musika entzuten ez duen bakarra izango banintz nola sentitu naiz. Emakume nagusi bat altxatu da hurrengo geltokian jaisteko. Zerbait barregarria gertatu omen zaio altxatzean, eta komentatu egin dio bere pareko mutil gazteari. Mutilak, kasko beltz erraldoi batzuk buruan, irribarre egin dio. Emakumeak, esan diona ulertuko ez zuelakoan-edo, errepikatu egin dio, altuago. Mutilak, kaskoak kentzeko inongo asmorik gabe, irribarre egin dio berriro ere, andrea ergela balitz bezala. Errealitate birtuala zirudien, etorkizuneko munduaren irudikapen bat: gero eta indibidualistago, guk geuk aukeratuko dugu entzun nahi duguna, guk diseinatuko dugu gure bizitzako soinu banda uneoro. Eta aizu, nirekin hitz egin nahi baduzu, itxaron zure txanda. Hurrengo geltokian jaitsi da andrea, eta “au revoir, bonne journée” esan diot. Irribarre egin dit, eta “bonne journée, ma belle” esan dit. Normalean lotsa emango lidake ezezagun bati hitz egiteak, baina gaur berdin izan zait: banekien emakumeak baino ez zidala entzungo, gainerakoak okupatuegi baitzeuden Beyoncéri entzuten.

2020/01/14

Uraren zikloa

Lasaigarria da elurraren zuria. Elurra garbia da hemen, ia itsutzeraino. Inola ere zikindu ezin den izara garbitu berriaren antzera besarkatzen ditu espaloiaren izkinak, zelaiko belarraren gainean pausatzen da, goxo, zuhaitzentzat propio utzitako hutsune perfektuak ahaztu gabe. Urtxintxen oin txikiek ere osatzen dute koadroa, oinatz txiki perfektuekin marrazten baitute zuhaitz batetik besterainoko bidea, eta pof! desagertzen dira gero, aingeru batek lurretik desagerraraziko balitu nola. Bihurrikeria bat egin berri duen umetxoak kristalezko begiekin begiratzen didanean bezala, halaxe sentiarazten nau elur geruza ukigabeak. Nola ez dizkiot barkatuko, ba, hotz zorrotza eta bost galtzerdi pare eraman beharra, trukean laztantzen banau hain goxo bere maluta izoztuekin, margotzen badu nire mundua lasaitasunez. Elurraren hotza goxoa da, ez zaitu inbaditzen hezurretaraino, ez zaitu behartzen aterkia eramatera gero haize bolada batekin suntsitzeko. Elurraren hotzak aurpegia tenkatzen dizu hasieran, ezpainak zartatzen dizkizu asko jota, baina asmo onez egiten du. Muskuluak zurruntzen badizkizu da atentzioa deitzeko, berari bakarrik begira diezaiozun.

Izotza heldu distantea da, negozio-gizon boteretsua; gutxitan tokatzen zaizu parean, baina datorrenean badakizu kontu serioek dakartela. Garrangak edo gorbatak, biak dira hotzaren seinale. Euria, aldiz, nerabe ezegonkorra da, haserretzen denean dena buruz behera utz dezakeena. Blai eginda utz zaitzakeena hezurretaraino sartzen bazaizu, hotzikarak eragiten dituena baita etxera sartu ostean ere. Elurra umetxo inuzentea da, purua, asmo txarrik gabekoa. Esku pottoloz laztantzen zaituena egun hotzetan, ez zaituena ulertzen baina nolabait entzuten ari zaizula dirudiena. Hori da, hein handi batean, elurrak duen xarma: eramaten gaituela bueltan gure haurtzarora, ilusiora; arazorik gabeko garai haietara, non leihotik elur maluta txiki bat ikusi orduko gainerako guztia ahazten genuen: ez lanik, ez betebeharrik, jolastea besterik ez.