Menua

2016/04/25

Idatzitakoaren gainean

Idatzita zegoenaren gainean idatzi dut gaur, behin eta berriz. Aurretik idatzita zegoen zerbait idatzi dut beste batzuek idatzitakoaren gainean, eta nire izena jarri diot. Idatzi gabeko koadernorik aurkitu ez dudalako izan da, eta inork erabili gabeko koadernorik ez zegoelako. Badaude ia inork ikutu ez dituen koadernoak, baina urrunegi geratzen zaizkit oraindik. Momentuz, nahikoa dut behin eta berriz berridatzitako lerroen artean geratzen diren hutsuneak betetzearekin, eta koaderno erabilietako hitzak nire boligrafoaz errepasatzearekin.

2016/03/29

Izenaren garrantzia

Mila aldiz zeharkatu ditudan kaleetan zehar abiatu naiz metro geltokirantz. Kaletxo txikiak, xarmantak oso; hala ere, denborak eta errutinak ohiko bihurtu dituzte ja. Tunelean sartu bezain laster musika goxo batek bete dizkit belarriak. Bibolin jole gazte bat ikusi dut urrunean, paretaren kontra jarrita. Gerturatu, eta gelditu egin naiz bere aurrean, nire pausoen oihartzunak melodia perfektua zapalduko duen beldurrez. Neskak hazpegi markatuak ditu; oso denbora gutxian asko hazi behar izan balitz nola. Begiak itxita ari da jotzen; ez eskuekin soilik, gorputz osoarekin baizik. Hogei urte baino gehiago ez ditu izango. Jaka handi bat darama soinean, praka estuak eta Martens zaharkituak. Parean du bibolinaren zorroa, ia hutsik. Poltsikoetan bila hasi, eta pare bat txanpon baino ez ditut aurkitu. Bada zerbait. Bukatu du pieza, eta txanponekin hurbildu natzaio. Begi gris sakon amaigabeekin zeharkatu nau, eta irribarre egin dit. Asko leundu zaio aurpegiera; polita da zinez. Irribarrea itzuli diot, eta guztiz gorrituta geltokira iritsi, eta metrora igo naiz.
Aspaldi irakurri nuen artikulu batez oroitu naiz. Esperimentu bati buruzkoa zen: musikari ospetsu bat Londreseko metro geltokian aritu zen jotzen egun batez. Milaka pertsona pasatu ziren bere aurretik: haurrak, helduak, ikasleak, langileak, agureak... Bost bat urteko haur bat izan zen bera entzuteko gelditu zen bakarra. Mila pertsona haietatik, batek baino ez zuen denborarik edo gogorik izan gizon hura jotzen entzuteko. Bakar batek. Gau hartan bertan, musikari hark kontzertu bat eman zuen Londresko antzokirik ospetsuenean. Milaka pertsonak dirutza ordaindu zuten gizon hura jotzen entzuteko. Itxurakeria, horixe.
Zenbat eta zenbat jende talentudun izango da munduan, izen bat ez izateagatik soilik itzalpean bizi dena?

2016/03/06

Denbora opari

Eman denbora denborari
zioten;
denbora gehiegi
eman nion opari
denborari;
hainbeste,
non ni geratu bainaiz
denborarik gabe;
ezer egiteko
denborarik gabe.

2016/02/13

Bergarako amodiozko gutunen lehiaketa

Bergarako amodiozko gutunen lehiaketako sari banaketan izan naiz gaur. Patxi Zubizarreta idazlea izan da irabazle. Eta nolako irabazlea, gainera!
Eszenatokira igo da, zakutxo berde bat eta karpetatxo bat eskuan hartuta. Eskerrak eman dizkio lehenik jende guztiari, eta hizketan hasi da ondoren. Zakutxo berdea hartu du eskuartean, eta ireki egin du. Antzina, gutunak idatzi beharrean, gauzak esateko objektuak erabiltzen zirela esan, eta zakutxotik giltza bat atera du: "giltza bat oparitzeak baten bihotza irekitzeko giltza irudikatzen du". Azukre koxkor bat gero: "gozoa zara". Intxaur bat: "nire barnean zaitut". Maskor bat: "Bergaran edo Gasteizen egon arren, itsasoaren alboan sentiarazten nauzu". Masusta gorri bat: "gorritu egiten nauzu". Luma bat azkenik: "hegan eginarazten didazu". "Horixe baita gutunen helburua, ezta? Norbait hegan eramatea, nahi duzun lekuraino. Hemen doa nirea."
Gutuna irakurtzen hasi da, biolinen soinuaren harmoniari jarraituz. Artista hutsa, bai horixe!

2016/02/08

Letrak, zientziak, artea?

Ezetz; ez dela letra, zientzia edo arte kontua; ez dela soldata kontua; ez dela prestigio kontua, joder!
Egiten duzuna maitatzean dago koska, egiten duzuna maitasunez egitean! Barruan duzun hori kanpora ateratzean, azkenengo tanttara arte, zure sorkuntza eta imaginazio pittin bat ere barruan laga gabe! Kontua zure burua errespetatzea dela, zure barnean dagoen horri fidela izatea beti! Maite duzuna egitea ez da inoiz hutsala, ez da inoiz denbora galtzea! Zu zarela garrantzitsu, zu zarela zure etorkizunaren jabe; ezta aurreiritziak, ezta gainerakoen iritzia ere: zu eta ez besterik!

2016/02/01

Orri zuri baten itxaropena

Bazen ordua zaharrari agur esan eta aitonak oparitu zidan koaderno gorri bizia hasteko. Ireki, eta paperaren eta larru berriaren usaina arnastu nuen. Ba al zen orri zuri baten potentzial eta itxaropena gaindi zezakeen zerbait? Zer izan zitekeen asebetegarriagoa? Ez zen axola laster kaligrafia trauskil batek betetzea; ez zen axola nire lerroak okertzea, era sahiestezin batean eskuineko izkinarantz makurtzea; ez zen axola nik tintaz zirriborroak egitea, ezta marrazkiak nire imaginazioan baino askoz okerrago irtetea ere. Hori guztia ez zen axola. Benetan balio zuena aukera bera zen. Bizi daitekeelako bat aukera hutsez, denbora batez soilik bada ere.


- Jaqueline Kelly, El curioso mundo de Calpurnia Tate

2016/01/31

Bi aurpegiak

Bi aurpegi zituela zioten.
Ageriko aurpegia isila zen, lotsatia.
Ageriko aurpegiak ez zuen zimurrik, ezta begi-zulorik ere.
Ageriko aurpegian dena zegoen bere lekuan.
Ezkutukoak, ordea, negar egiten zuen gauero.
Ezkutukoak mina ezkutatzen zuen; oinazea, oroitzapenak, bizipenak.
Ezkutukoak laguntza eskatzen zuen oihuka, inongo zaratarik atera gabe.
Bi aurpegi zituen, zein baino zein arriskutsuagoak.