Menua

2020/01/14

Uraren zikloa

Lasaigarria da elurraren zuria. Elurra garbia da hemen, ia itsutzeraino. Inola ere zikindu ezin den izara garbitu berriaren antzera besarkatzen ditu espaloiaren izkinak, zelaiko belarraren gainean pausatzen da, goxo, zuhaitzentzat propio utzitako hutsune perfektuak ahaztu gabe. Urtxintxen oin txikiek ere osatzen dute koadroa, oinatz txiki perfektuekin marrazten baitute zuhaitz batetik besterainoko bidea, eta pof! desagertzen dira gero, aingeru batek lurretik desagerraraziko balitu nola. Bihurrikeria bat egin berri duen umetxoak kristalezko begiekin begiratzen didanean bezala, halaxe sentiarazten nau elur geruza ukigabeak. Nola ez dizkiot barkatuko, ba, hotz zorrotza eta bost galtzerdi pare eraman beharra, trukean laztantzen banau hain goxo bere maluta izoztuekin, margotzen badu nire mundua lasaitasunez. Elurraren hotza goxoa da, ez zaitu inbaditzen hezurretaraino, ez zaitu behartzen aterkia eramatera gero haize bolada batekin suntsitzeko. Elurraren hotzak aurpegia tenkatzen dizu hasieran, ezpainak zartatzen dizkizu asko jota, baina asmo onez egiten du. Muskuluak zurruntzen badizkizu da atentzioa deitzeko, berari bakarrik begira diezaiozun.

Izotza heldu distantea da, negozio-gizon boteretsua; gutxitan tokatzen zaizu parean, baina datorrenean badakizu kontu serioek dakartela. Garrangak edo gorbatak, biak dira hotzaren seinale. Euria, aldiz, nerabe ezegonkorra da, haserretzen denean dena buruz behera utz dezakeena. Blai eginda utz zaitzakeena hezurretaraino sartzen bazaizu, hotzikarak eragiten dituena baita etxera sartu ostean ere. Elurra umetxo inuzentea da, purua, asmo txarrik gabekoa. Esku pottoloz laztantzen zaituena egun hotzetan, ez zaituena ulertzen baina nolabait entzuten ari zaizula dirudiena. Hori da, hein handi batean, elurrak duen xarma: eramaten gaituela bueltan gure haurtzarora, ilusiora; arazorik gabeko garai haietara, non leihotik elur maluta txiki bat ikusi orduko gainerako guztia ahazten genuen: ez lanik, ez betebeharrik, jolastea besterik ez.

2019/12/02

Pseudo sakontasuna


“Idazmen kritikoa” da nire ikasgaietako bat. “Critical writing”, ingelesez. Bi orduko eskola magistrala izan ohi dugu, eta ordubeteko klase praktikoa gero. Klase praktikoan hamabost baino ez gara; zoragarria da. Idazten ikasi dugu; nola? Astero idatziz. Klasean ikasi dugu, astero-astero, nola idatzi. Argumentuak nola aukeratu eta sailkatu, iturriak nola hautatu eta ebaluatu, hiztegia eta tonua nola neurtu, eztabaida nola testuinguratu. Irakaslea gaztea da, ondo azaltzen du, gertuko adibideak erabiltzen ditu (Star Wars, Trump, Simpsondarrak), eta, batez ere, maite du guri azaltzea dakiena, eta maite du guk ulertzea. Eta nabari da, eta eskertzen da. Kontua da, gaur aritu garela falazia informalei buruz. Izena jarri diegu egunero entzuten ditugun argumentu hutsei, baliogabeei. Nire falazia mota gustukoena “pseudo sakontasuna” da: hitz handiak erabiltzea, ezjakintasun hutsuneak betetzeko. Burura etorri zaizkit zenbait militante jakintsu euskaldun independentista komunista begano feminista, euren diskurtsoa eraikitzen. Prentsaurreko luze eta astunak, eta gero eta hitz potolo gehiago, orduan eta hobeto. Cisheteropatriarkatuaren morrontzapean dirau gure gizarte kapitalistak, espezismoaren itzal ilunak atzetik darraigu eta transfobiaren eta lodifobiaren kate astunek hondoratzen gaituzte klase kontzientziarik gabeko estatu zapaltzaile honek betikotzen duen putzu sakonean. Hori bai, eskatu iezaiozu azaltzeko manifa zeren aldekoa den, eta ea nola irteten den hortik. Bai, ez? Badakigu zein espezieri buruz ari naizen. Gero eta argiago dut erabiltzen ditugula hain hitz potoloak beldur garelako argumentuekin ezingo ote dugun gure borroka defendatu. Errazagoa delako buruz ikastea “cisheteropatriarkatua” eta botatzea zentzu handirik gabeko esaldi baten erdian, cisheteropatriarkatuaren alde txarrak azaltzea baino. Ze, aizu, ez dakit herri honetan feministak izango garen, baina femilistoak, desde luego, bagara. 

2019/11/28

Arraza


Aurkezpenak ari gara egiten ingelesean. Gai bat aukeratu, eta klase aurrean aurkeztu. Talde txikietan, baina; sei pertsonako taldeetan, borobilean jarri ditugu aulkiak, eta gertuko elkarrizketa formatuan-edo egin ditugu aurkezpenak, txandaka. Gaur ez zait aurkeztea tokatzen, entzutea bakarrik. Etorri da lehenengo pertsona aurkeztera gure taldera; hiri handien anonimotasunari buruz aritu da, nahiko txukun, tipo nahiko afeminatu bat, urduri samar zegoena. Hurrengoa. Whiskiari buruz. Honek ere ezin  ezin ezkutatu izan du azentu frantsesa “r” batzuetan. Ados. Hurrengoa. Eseri zait ondoan, eta egia esango dizuet: ez dakit zeri buruz aritu den. Nire burua beste zerbaitetan zegoen; aitortuko dizuet zertan, lotsagarri samarra izan arren. Ondoan eseri zaidan segundotik, ahots zoli bat piztu zait barnean: lehenengo aldia da pertsona beltz bat hain gertutik hizketan ikusten duzuna. Hau da, ikusi izan dut jende beltza hizketan, baina ez nirekin. Tipo hau niri ari zait bere gaia aurkezten, metro erdira, eta beltza da. Oso. Haur bati jartzen diozunean bezala zarata egiten duen jostailu bat begien aurrean, nire burmuina hipersentsible bihurtu da. Herrixkarik isolatueneko baserritarrak nola aztertu dut tipoa: esku ahurraren kolorea besoaren kolorearen aldean, mingain ezin arrosagoa ezpain beltz eta lodien artean, ile kizkur-kizkurra (baina ez nire kizkurraren antzekoa, beltz-kizkurra, badakizue). Ze internazionala naizen, zenbat dakidan munduaz, ze aurreiritzi gutxi ditudan, ze modernoa naizen; tipo beltz bat jarri ondoan, eta munduko izaki exotikoenaren gisan aztertzea baino ez zait irten. En fin, egunero ikasten da zerbait. Gaur, adibidez, oso erraza dela esatea ez zarela arrazista, zure “arrazak” baino inguratzen ez zaituenean. Adibidez. 

2019/11/04

"Aniztasuna"

Kanadako Kongresuko free tourra egiteko eman dut izena, goizeko 12:20rako. Iritsi, eta aireportukoen gisako kontrol bat pasatu behar izan dut: gerrikoa, mugikorra, hustu poltsikoak, pasatu metalen detektorea. Urduri jartzen naiz pasatzen naizen bakoitzean, norbaitek konturatu gabe atzeko poltsikoan pistola bat sartuko ote didan beldurrez-edo. Nik zer dakit. Utzi didate pasatzen, nire bi motxilak eta eskale itxura ematen didan bigarren eskuko txamarra handiegia gorabehera, eta iritsi naiz areto handi batera, sofa erosoz betetako itxaron-gela bat duena izkina batean. Bideo bat dago jarrita paretetako batean. “Kanadako Kongresuko jende azpimarragarria”, edo halako zerbait. Hasi da bideoa, eta gizon heldu zuriak hasi dira agertzen; “Very Honorable” hau eta “Honorable” bestea. Ez dakit zeren araberakoa den “very” hori. Eta, orduan, agertu da Kongresuko lehen gizon beltza. Ados, garrantzitsua. Lehen emakumea. Garrantzitsua, noski. Lehen inuita, lehen indiar-kanadiarra, lehen txinatar-kanadiarra. Puntu batetik aurrera, jende garrantzitsuaren aurkezpena baino, hasi zait iruditzen Kongresuan sekula egon den “aniztasun” guztiaren katalogo bat. Azken aldian, sareetan-eta, inklusiboak izaten saiatzen direnean bezala, eta bukatzen dutenean diseinatzen zakildun emakume* lodi herren asexual txinatar-afrikarra. Gutxiago erakutsi eta gehiago egiten hasi, lagunok. Jarraitzen du aurkezpenak: lehenengo pertsona itsua. Bere homosexualitatea publiko egin zuen lehen gizona. Bere homosexualitatea publiko egin zuen lehen emakumea. Bere homosexualitatea publiko egin zuen lehen emakume beltza. Begira ze aurrerakoiak garen! Emakume beltz lesbiana bat izan genuen Kongresuan! Aurkezpeneko azken pertsonak zenbat ezaugarri “azpimarragarri” zituen aipatu ere ez dut egingo. Hasi da bisita gidatua: interesgarria iruditu zait, eraikina ere oso polita. Bukatu denean, Kanadako Lehen Ministro izandako guztien erretratuak ikusgai dauden lekura eraman gaituzte, galeria luze batera. Ezetz asmatu zein itxura zuten erretratatuen ehuneko laurogeita hamabostek. 

2019/10/23

Biolentzia internazionala

Neska kolonbiarrak azaldu dit Bogota bost gunetan dagoela banatuta. Inork ez dizu galdetuko zenbat diru daukazun, baina non bizi zaren esaten diozun segundoan jakingo du zein aberatsa zaren batetik bosterako eskalan: 5, oso aberatsa; 1, oso pobrea.  Esan diot, txantxetan, Kolonbiaz dudan erreferentzia bakarra Narcos telesaila dela, eta ez dela seguraski adibiderik onena. Esan dit ez zaiola axola telesailak ematen duen irudia, guztiz egiazkoa izan ez arren; are gehiago, gustuko duela dio. Horrela, behintzat, turistek badutela beldur puntu bat, eta ez direla hainbeste joaten bertara. Kanpotarrak etorriko balira, ez litzateke kolonbiarrik geratuko bosgarren gunean. Eta hori ezin da izan, esan dit.
Mutil mexikarrarekin ordubete daramat hizketan, kotxeko bidaiak luze jo du. Gai “korapilatsu” guztietan bat etorri gara. Bat-batean, baina, bota dit oso gustuko dituela armak, eta Mexikora itzultzen denean eskopeta bat erosi nahi duela. Harritu egin nau. Esan dit bere burua arriskuan ikusiko balu, bi aldiz pentsatu gabe egingo liokeela tiro (ia) edonori. Autodefentsarako bada, legala dela, betiere atzetik tiro egiten ez badiozu besteari. Legeak eta guzti dakizki. Delinkuentzia maila oso altua da Mexikon, eta ikusi izan omen du bere bizitza arriskuan behin baino gehiagotan. 
Hiru neska estatubatuarrek buruz dakizkite azken urteko tiroketak: non gertatu ziren, zenbat hildako/zauritu, tiratzailearen profila. Hiruretako baten anaia gazteak beldurra dio eskolara joateari. Duela ez asko, hamasei bat urteko mutil bat gerturatu zen haien eskolara, pistola batekin. Irakasleei abisatu zieten eta “lockdown” egoeran jarri zuten eskola: alarma, ate guztiak itxita, haurrak pareten kontra. Sute simulakro bat bezala, baina tiroketentzat. Umea behar zuena baino bi ordu beranduago iritsi zen etxera, negar zotinka eta beldurrez akabatzen. 
Beste neska estatubatuarra desiratzen zegoen Joker pelikula ikusteko, baina ez zen estreinaldira joan. Batman pelikula estreinatu zenean, tipo bat sartu zen zineman pistola batekin, eta pelikulako tiro-hotsekin nahastu ziren benetako tiroak. Jendea ez zen konturatu ere egin odola ikusten hasi ziren arte. Duela gutxi, zurrumurruak egon ziren, ereduari jarraiki, gauza bera egiteko asmoa zuela norbaitek Joker pelikularen estreinaldian. Badaezpada ere, etxean deskargatu eta bertan ikusiko duela dio.
Taldeko mutil finlandiarrak soldadutza egin zuen. Bi urte eman zituen ikasten nola erabili armak, nola defendatu bere burua. Derrigorrezkoa da Finlandian behintzat urtebete ematea bertan, neskentzat zein mutilentzat. Kanadara ikastera etortzeko aukera eman izan ez baliote, hantxe jarraituko zuela dio.
Bi neska katalan daude nire frantseseko eskolan. Ez dira independentistak; haiekin Bartzelonatik etorri den hirugarren neska, bai. Azken egun hauetan, haien arteko tentsioa gero eta handiagoa dela diote. Berri bati buruz aritu behar ginen atzo klasean; bietako batek ere ez zuen Kataluniako auzia aipatu, eta nik azaldu nuen nolabait. Esan zidaten kokoteraino zeudela guztiarekin; Instagram-a ireki eta ez zutela sua besterik ikusten. Ulertzen zutela jendeak manifestatu nahi izatea, baina biolentziaz ez dutela ezer lortuko. “Niri gustatzen zitzaidan nire kalea” dio batek, “zuhaitzekin eta. Itzultzen naizenean, batek daki zer aurkituko dudan. Gainera, gurasoak bisitan etortzekoak dira hurrengo astean. Agian ezingo dira Bartzelonatik irten. Hau zoramena da”. Horrela azalduta, badirudi gerra baten erdian dagoela Katalunia. Badago, nolabait. 

Sinestezinak egiten zaizkit errealitate horiek guztiak; urrun geratzen zaizkit oso. Pentsatzen jarrita, hain urrun geratzen al zaizkit? Duela ez hainbeste, Euskal Herria ez zen leku turistiko bat. Nire lehengusina andaluziarraren lagunak beldur ziren, Gabonetan bisitan etortzen zenetan, zerbait gertatuko ote zitzaion. Zortzi urte nituela, bost tiroz hil zuten gizon bat nire herrian bertan, kalean, nire eskolatik ez oso urrun. Ez zen Narcos, ETA zen. Bazegoen jende asko bere bizitza arriskuan ikusi zuena behin baino gehiagotan. Ez dira hain urruneko kontuak: gauza batzuk internazionalak dira, azken finean; biolentziak ez du mugarik ezagutzen.

2019/10/15

Maitasunaren hizkuntza


Zer moduz moldatzen zara frantsesarekin? Ari zara aurreratzen? Nik baietz, beti. Eta egia da, eh. Klasean zoragarri moldatzen naiz: egiten ditut nire ahozko txukun-txukunak, azterketak ere elegante. Gainerako atzerritar ez-frankofonoekin komunikatzeko orduan ere erraminta bikaina da, zubi bakarra azken finean. Hori bai, hasten direnean frantsesak haien artean hizketan... komeriak. Azkar deskonektatzen dut; ez dut ulertzen, eta kitto. Baina noski, niri ere frantsesez zuzentzen zaizkit; nola bestela? Inozoa dirudit; maitasunaren hizkuntza izango da, baina edozein elkarrizketa informaletan, desenkanto totala eragiteko baino ez dit balio niri frantsesak. Hogei segundu hitza bilatzeko, bost konturatzeko ez dudala ezagutzen/gogoratzen, beste bost alternatiba onargarri bat bilatzeko, eta hurrengo hogei minutuak damutzeko erabili dudan hitzaz, ahoskapen ia totelari ehun buelta eman, eta berriro hasteko. Ikusi nuen aurrekoan meme bat, SofĂ­a Vergararena. Ez nuke sekula esango, baina identifikatuta sentitu nintzen. Oso. “Do you know how smart I am in Spanish?” Halako zerbait zioen, eta ageri zen bera, oso haserre bere familia anglofonoari zuzentzen zitzaiola. Eta horixe da sentitzen dudana beti, beti. Nire puntu fuertea inoiz ez da izan espontaneotasuna, txispa hori. Nirea izan da sakontasuna, badakizue: elkarrizketa interesgarriak bai, baina ez minutu erdikoak; horiekin sekula ez naiz oso ondo moldatu. Baina noski, euskaraz. Asko jota, gaztelaniaz. Ba orain, imaginatu: nire bat-batekotasunerako inkonpetentzia naturala, gehi ondo ezagutzen ez dudan hizkuntza batean moldatu beharra. Maitasunaren hizkuntza desenkantoaren hizkuntza bihurtzeko errezeta aurkitu dizuet, lagunok. 

2019/10/07

Produktibitatearen izenean

Ikasle-egoitzako sukaldea komuna da (denontzako berbera, alegia). Goizero jaisten naiz sukaldera, kafe disolbagarria egiteko ura berotzera mikrouhinean. Kutretasunaren definiziotzat har genezake seguraski, baina tira. Horrelakoa da bizitza. Urak, gutxi gora behera, bi minutu behar ditu irakiteko. 1:45, zehatzago. Kalkulatu dut dagoeneko. Normalean ez da inor egoten sukaldean goizetan, baina gaur bi neska zeuden mahaian eserita. Hegoamerikarra bat, ingelesa bestea. Espainolez hizketan. Eta ni, katiluari begira, bueltak nola ematen dituen ikusten. Asko dira bi minutu, egiteko ezer ez baduzu. Nahi gabe, baina elkarrizketa entzuten jarri naiz. Insomnioa duela dio batek, ezin duela lorik egin ia inoiz. Goizeko bostetan jaiki, eta ezin izaten dela berriro ere lokartu. Besteak erantzun dio ikerketa bat egin duela horretaz, eta entzuteko bere gomendioa. Espero nuen zerbait zientifikoagoa, erremedioren bat, baina honakoa bota dio: joan beharko zenuke medikuarenera, eta tratatu insomnioa. Izan ere, kaltegarria da zuretzat, noski, baina baita gizartearentzat ere. Azken finean, lorik egiten ez duzun egun bakoitzeko baxuagoa da zure produktibitatea, eta dirua galtzen du gizarteak. Uste nuen loarekin zerikusia zuten ikasketak egindakoa izango zela neska, baina badirudi ekonomialaria dela gehiago. Ekonomialaria, edo multinazional bateko espia, egoitzako ikasleon artean infiltratua etorkizunean nor abduzitu jakiteko. Bietako bat. Hala ere, apuntatu dut gomendioa: siesta egiteagatik gaizki sentitzen naizen hurrengoan, nire buruari esango diot lasai egoteko, produktibitatearen izenean egin dudala. Eta listo. Ding! Berotu da ura.