Menua

2016/05/20

Moleskinea

Moleskine bat izan zen nire oparia Gabonetan. Moleskine bat, bai; aitaren ilusio aurpegiagatik deduzitu nuen bazela zerbait, gustatuko zitzaidala. Izen potoloa zuen, izan ere: Moleskine bat... Auskalo. Aitaren eskuan aise sartzen zen paketetxo bat jaso nuen. Ireki, eta, aitortu behar dut, desengainua hartu nuen. Koaderno gorri txikitxo bat zen, eta "Moleskine, Legendary Notebooks" zeraman idatzita. "Angel Lertxundik Moleskineei buruz idatzi zuen duela gutxi, Maria. Oso mitikoak dira, irakurri." Interneten bilatu nuen berehala, noski. Web orri propioa zuen koadernoak... Van Goghek, Picassok eta Angel Lertxundik erabiliak, artista-koadernoak ziren inondik inora. Boteretsu sentitu nintzen orduan, ardura handi bat izango banu nola. Nirearen gisako koadernoak artez bete zituen jendeak, arte hutsez, mila itxuratako artez. Gogoko nuen ardura zen, hala ere; nire betebeharra zen koaderno hura artez betetzea, nire hitzez, nire zirriborroez, nire marrazki gorabeheratsuez, nire ideiez eta poesia izatera heldu nahi zuten haiez. Betebehar hura hartu nuen nire gain, eta erronka onartu: koaderno hura izango zen nire altxor ttipia, eta ahal nuen heinean barruan nuen arte guztia hustuko nuen bertara.