Menua

2019/09/27

Ez bozkatu Justin Trudeau

Hamazazpi lagun etorri gara berez hamarrentzako izan beharko litzatekeen txalet batera. Ikasleon gauzak, badakizue; dirua ez dugu soberan ere. Demokraziaren izenean, Fast and Furious ikustea erabaki dugu sofan kabitzen garenon zortziron artean. Gainerakoek mahai jokoetan jolasten jarraitu dute. Total, ari ginen pelikula ikusten, eta iragarkiak hasi dira. Bai, Kanadan ere iragarkiak daude. Asko. Desodorante bat, kafea, eta kanpaina politikoak. Hauteskundeak izango dira laster Kanadan, eta ari dira politikariak euren partiduak saltzen. Hasi da iragarkia: “Justin Trudeau-k (partidu liberaleko hautagaiak) ez ditu bere promesak bete.” Hasi da aipatzen, banan-banan, bete ez dituen promesak: ez dakit ze lege aldatzea, ez dakit zeinen soldatak igotzea. Bitartean, bideoak pantailan: Trudeau hizketan, Trudeau oinez. “Ez fidatu Trudeaurekin. Gauza bera egingo du oraingoan. Ez bozkatu Justin Trudeau.” Eta listo, hasi dira berriro ere Fast and Furious-eko gizon ausartak kotxeak apurtzen. Hitzik gabe geratu gara, batzuk besteei begira. “Hori Trudeauren aurkako iragarki bat zen, benetan?” batek. “Hori legala da?” besteak. Denok espero genuen azken momentuko tonu aldaketa bat, zerbait. “Baina aurtengoan, dena izango da desberdina, gure akatsetatik ikasi dugulako”, edo “Baina kolonia hau erabiliz gero, ahaztu egingo zaizu politikariek esaten duten guztia”, nik zer dakit. Ikusi dira gauza okerragoak ere. Baina horrelakorik, hain gordin, sekula ikusi gabeak ginen. Kanadan desberdin jokatuko dute. Ez politikoki zuzenik, ez ezer: helburua da bestea zapaltzea zu gailentzeko, ezta? Ba hortxe. Argi eta garbi; ez bozkatu bestea, honengatik eta besteagatik. Ez dakit teknika egokia den ala ez, baina Erasmuseko ikasleak hitzik gabe uzteko modu eraginkorra da, behintzat. Hurrengo hamar minutuetan inork ez zion kasurik egin pelikulari: okupatuegi geunden etikoki zuzena iruditu zitzaigun ala ez erabakitzen. 

2019/09/10

Estimulua

Pasta katilukada bat jaten Harkaitz Canoren podcast bat entzun bitartean, nire gelan. Mikrofono bat erretzeari buruz hizketan, mikrofonoaren azken hatsa grabatzeko. Kuriosoa, interesgarria. Nire makarroiei begira. Konturatu naiz ez dakidala egoten ezer egin gabe. Eta badakit ari naizela. Ari naiz jaten, ari naiz entzuten. Eta, hala ere, behar dut hirugarren estimulu bat. Ohitu naiz edukitzera zerbait begien aurrean, beti. Eta horregatik ireki dut ordenagailua. Telesail bat ikusteko-edo. Ze bakarrik nago nire gelan. Eta Harkaitz Canoren ahotsa lagun badut ere, ez dut Harkaitz Cano ikusten; pasta baino ez. Ulertezina izango zaizue agian, baina hala da. Entzumenarekin ere gertatzen zait; denbora asko daramadanean zerbait egiten (etxerako lanak, irakurri, aulki batean eserita egon), botatzen dut faltan soinua, eta jotzen dut musikara. Aurrekoan konturatu nintzen irakurtzerakoan ere musika entzuten dudala batzuetan. Inkontzienteki eskatzen dit barrenak. Letrarik gabekoa, klasikoa, pianoa, berdin du. Baina zerbait.  Irakurri nuen estimuluaren biktimak garela. Estimuluen biktima naiz ni. Eta aukeran dut ez izatea, baina banaiz. Estimuluen biktima boluntarioa naiz askotan. Gaur konturatu naiz, eta pena eman dit. Ze millenial-a naizen. Gero gogoratu naiz aurrekoan hirira joan nintzela, ni bakarrik, eta ez nuela mugikorra ia erabili, kale artean alderrai aritu nintzela hiru ordu luzez, eta parke batean eserita egon nintzela, jendearen joan-etorriei begira. Arraro begiratu zidaten batzuek; laguntzarik behar nuen galdetu zidan gizon batek, ea galduta nengoen. Gizartea ez dago prestatuta hain gazte iraultzaileentzat; aurikularrak eramango ditut hurregoan.

2019/09/06

Oinezkoarena


"Hiririk gabe ez legoke oinezkorik, ezta oinezkoaren begiradarik”. Walter Benjaminen hitzak dira; Kirmen Uribek aipatu zituen podcast batean. Oinezkoaren ideia bera planteatu gabea nintzen orain arte: noraezean aritzen den pertsona, ausaz hautatuz kale kantoiak, oinez aritzeaz beraz gozatuz. Herri txiki batean jaio eta hazi naiz ni. Ez naiz oinezkoa izan inoiz. Ezin zara oinezkoa izan goitik behera ezagutzen duzun leku batean; xarma kentzen dio. Helmuga bat izan ezean bideak merezi ez duela pentsatzen duenetakoa izan naizela konturatu naiz duela gutxi. Hobeto esanda, oinezko izatearen ametsa bazuen norbait, baina oinezko izan ahal izateko hiririk izan ez duena. Oinezkoaren izaerak barne dakar bakardadea. Bakardade positiboa, esan nahi dut; bakartasuna deituko diogu, neutroagoa da. Bakartasuna eta jakinmina dira oinezko izateko bi giltzak. Eta, duela astebetera arte, inoiz ez dut bakarrik bidaiatu. Québec-era iritsi eta astebetera, hirira joatea erabaki dut, helburu zehatzik gabe. Oinezko izatera noa, nik jakin gabe. Lehenengoz. Amerikar itxurako etxe asko, eta jendea. Ez dakit nola, ez dakit zergatik, baina nabaritzen zaie zerbait desberdina. Ez dakit zer daukaten, baina nabaritzen zaie atzerritarrak direla. Zer diot; ni naiz atzerritarra. Nabarituko zait, ziur. Nire adin bertsuko tipo bat gurutzatu zait oinez, eta begiratu dit aurpegira, eta seguru sentitu naiz. Ez dut oso ondo ulertu. Ez zait burutik pasatu epaitu nauenik edo buelta emango duenik niri begiratzeko, gurutzatu ostean. Andere batek “Bonjour!” esan dit. Irribarre egin diot. Ez dut ezagutzen, baina atsegina da. Pixka bat etxean egotea bezala; ezagutuko banindu bezala. Kirmen Uribek zioen New Yorken oinezkoek aurpegira begiratzen dutela. Québec-en ere gertatzen da. Jatorrak dira, eta ez dute zertan. Esango nuke hiriaren erraldoitasunak ematen duela zilegitasun moduko bat jendearen anonimotasuna urratzeko. Segundo batez, ez gehiago: ez dakit nor zaren, baina gurutzatu dezagun begirada iheskor bat, eta izan daitezela pausoak begirada espaloira itzultzera behartzen gaituztenak. Segundo bat, ez gehiago. Irribarre bat, malko bat, betaurreko lausotuak. Parisetik etorri da nire ondoan bizi den neska. Jendea neguan desatsegina dela dio; udan, aldiz, jatorragoak direla. Eguraldiagatik, agian? Galdetu diot. Ezetz. Jendearen izaera dela. Neguan, bekozko ilunak; udan, begi distiratsuak. Agian turistak dira irribarre egiten dutenak udan. Pariseko oinezkoak triste bizi dira, New Yorkekoak eta Québec-ekoak ez bezala.