Pasta katilukada bat jaten Harkaitz Canoren podcast bat entzun bitartean, nire gelan. Mikrofono bat erretzeari buruz hizketan, mikrofonoaren azken hatsa grabatzeko. Kuriosoa, interesgarria. Nire makarroiei begira. Konturatu naiz ez dakidala egoten ezer egin gabe. Eta badakit ari naizela. Ari naiz jaten, ari naiz entzuten. Eta, hala ere, behar dut hirugarren estimulu bat. Ohitu naiz edukitzera zerbait begien aurrean, beti. Eta horregatik ireki dut ordenagailua. Telesail bat ikusteko-edo. Ze bakarrik nago nire gelan. Eta Harkaitz Canoren ahotsa lagun badut ere, ez dut Harkaitz Cano ikusten; pasta baino ez. Ulertezina izango zaizue agian, baina hala da. Entzumenarekin ere gertatzen zait; denbora asko daramadanean zerbait egiten (etxerako lanak, irakurri, aulki batean eserita egon), botatzen dut faltan soinua, eta jotzen dut musikara. Aurrekoan konturatu nintzen irakurtzerakoan ere musika entzuten dudala batzuetan. Inkontzienteki eskatzen dit barrenak. Letrarik gabekoa, klasikoa, pianoa, berdin du. Baina zerbait.
Irakurri nuen estimuluaren biktimak garela. Estimuluen biktima naiz ni. Eta aukeran dut ez izatea, baina banaiz. Estimuluen biktima boluntarioa naiz askotan. Gaur konturatu naiz, eta pena eman dit. Ze millenial-a naizen. Gero gogoratu naiz aurrekoan hirira joan nintzela, ni bakarrik, eta ez nuela mugikorra ia erabili, kale artean alderrai aritu nintzela hiru ordu luzez, eta parke batean eserita egon nintzela, jendearen joan-etorriei begira. Arraro begiratu zidaten batzuek; laguntzarik behar nuen galdetu zidan gizon batek, ea galduta nengoen. Gizartea ez dago prestatuta hain gazte iraultzaileentzat; aurikularrak eramango ditut hurregoan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina