Menua

2015/11/24

Gaztaina poltsa

Negu gorria hasi berri da. Hotz gero eta handiagoa egiten du, eta haize boladek ezpatek nola jotzen dute nire aurpegi biluziaren aurka. Manta gehiago beharko ditut gaua banku honetan pasatzeko asmoa badut, baina oso txiro nabil azken aldian. Bi egun daramatzat ezer jan gabe, eta nire urdaila negar batean ari da aspaldi, baina ez dut kontsolatzeko modurik. Nire aurretik pasatzen den jendeak harriduraz begiratzen dit. Harriduraz, penaz, eta baita mespretxu punttu batez ere. Lehenengo hortza erori berri izango duen neskatilatxo bat pasa da  eserita nagoen bankuaren aurretik. Bota sendo eta iletsuak daramatza galtzerdi potoloen gainean. Beroki luze bat, eta aurpegia ia guztiz ezkutatzen dion bufanda. Masail gorrixkak eta begi biziak ikusten zaizkio soilik. Gaztaina poltsa bat darama eskuan; eskularru goxo batek babestutako eskua, noski. Niri begira geratu da momentu batez, amaren eskuari tiraka. "Ama, zer egiten du gizon horrek hor? Ez al du hotzik?" Jakingo bazenu zer den hotza, maitea... "Ez du etxerik, Kattalin. Tira, goazen." "Ama, hotz izango da! Zerbait egin behar dugu!" "Ezin dugu ezer egin! Goazen!" Haserretzen hasi da ama. "Segundutxo txikitxo bat, amatxo. Oraintxe nator!" Korrika etorri da niregana, eta gaztaina poltsa eman dit. "Tori! Bero-bero daude, ikusiko duzu! Nik ez ditut nahi, eta esku artean hartzen badituzu goxo-goxo egongo zara! Benetan!" Begi disdiratsuz begiratzen dit, nik poltsa hartzeko zain. Eskua luzatu, eta eskerrak eman dizkiot irribarre erraldoi batez. Hunkitu egin nau neskatoak! Buelta erdi eman, eta amarengana itzuli da korrika. "Bota egin behar nituen, ama, eta bero zeuden, eta gizon hori hotz. Ez haserretu!" "Benga, goazen!" Joan baino lehen, azken begirada bat bota dit, eta irribarre egin du ni gaztaina poltsari besarkatuta ikustean. Eskuak bakarrik ez, bihotza ere berotu dit txikiak!

2015/11/22

Sugarrek desagerrarazi zuten arte

Negua zen. Negu gorria.

Eta hotz zen, oso hotz.

Halako batean, sua agertu zen bere bizitzan.

Beso irekiz eman zion ongietorria.

Bero zegoen haren ondoan.

Bero, goxo, ia-ia negua izango ez balitz bezala.

Pozik zegoen oso; eta bero.

Berotasuna, baina, erredura bihurtu zen pixkanaka.

Berotasuna ematen ziola zioen hala ere;

batzuetan pixka bat pasatzen zela,

baina nahi gabe.

Halakoxea zela sua.

Sua zen, eta erre egiten zuen.

Min egiten zion arren, ez zen haren errua …

“Nahi gabe” egiten baitzion mina.

Sufrimendua ere hasi zen denbora gutxira,

baina berotasuna galtzeak beldurra ematen zion.

Beldur zen negu gorrira itzuli behar izateaz;

nahiago zuen erretzen jarraitu.

Hainbeste erre, guztiz erre zen arte.

Sugarrek desagerrarazi zuten arte.


2015/11/03

Hareazko ametsak.

Hareazko ametsen menpe bizi izan naiz urte askoz. Behin eraiki, eta olatu nimiƱo batek eramaten dituela ikustean, sendoagotzen saiatu naiz; ondoko mutil harroxkoak suntsitu du berriro. Saiatu eta bersaiatu, beste batek hausten ez baditu nik neuk eraisten ditut, azken hondar alea falta baitzaie batzuetan; formarik gabeak dira besteak.
Gaur, ordea, burdinazko gaztelua eraikiko dut. Erraz egiten ziren harezkoak, berehala bukatzen nituen guztiak... Baina efimeroak ziren oso. Burdinazko gaztelua eraikitzen urteak pasa ditzakedan arren, badakit bukatuko dudala; lortuko dudala nire helburua. Gaurkoan bai.