Negu gorria hasi berri da. Hotz gero eta handiagoa egiten du, eta haize boladek ezpatek nola jotzen dute nire aurpegi biluziaren aurka. Manta gehiago beharko ditut gaua banku honetan pasatzeko asmoa badut, baina oso txiro nabil azken aldian. Bi egun daramatzat ezer jan gabe, eta nire urdaila negar batean ari da aspaldi, baina ez dut kontsolatzeko modurik. Nire aurretik pasatzen den jendeak harriduraz begiratzen dit. Harriduraz, penaz, eta baita mespretxu punttu batez ere. Lehenengo hortza erori berri izango duen neskatilatxo bat pasa da eserita nagoen bankuaren aurretik. Bota sendo eta iletsuak daramatza galtzerdi potoloen gainean. Beroki luze bat, eta aurpegia ia guztiz ezkutatzen dion bufanda. Masail gorrixkak eta begi biziak ikusten zaizkio soilik. Gaztaina poltsa bat darama eskuan; eskularru goxo batek babestutako eskua, noski. Niri begira geratu da momentu batez, amaren eskuari tiraka. "Ama, zer egiten du gizon horrek hor? Ez al du hotzik?" Jakingo bazenu zer den hotza, maitea... "Ez du etxerik, Kattalin. Tira, goazen." "Ama, hotz izango da! Zerbait egin behar dugu!" "Ezin dugu ezer egin! Goazen!" Haserretzen hasi da ama. "Segundutxo txikitxo bat, amatxo. Oraintxe nator!" Korrika etorri da niregana, eta gaztaina poltsa eman dit. "Tori! Bero-bero daude, ikusiko duzu! Nik ez ditut nahi, eta esku artean hartzen badituzu goxo-goxo egongo zara! Benetan!" Begi disdiratsuz begiratzen dit, nik poltsa hartzeko zain. Eskua luzatu, eta eskerrak eman dizkiot irribarre erraldoi batez. Hunkitu egin nau neskatoak! Buelta erdi eman, eta amarengana itzuli da korrika. "Bota egin behar nituen, ama, eta bero zeuden, eta gizon hori hotz. Ez haserretu!" "Benga, goazen!" Joan baino lehen, azken begirada bat bota dit, eta irribarre egin du ni gaztaina poltsari besarkatuta ikustean. Eskuak bakarrik ez, bihotza ere berotu dit txikiak!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina