Menua

2017/02/26

Min bizia

Hamar ginen elizara beti joaten ginenak;
igandero,
igandero,
hamar urtez.
Lehenengo lerroan, hiru;
bigarrenean, bi;
hirugarrenean, lau,
eta azkenengoan, ni.
Duela hiru igande, bederatzi bihurtu ginen;
hirugarren lerroko Joxe
eserleku gainetik azpira pasa zen.
Duela bi, zortzi ginen ja;
bigarren lerroko Joxefinak
ezin izan zuen min bizi harekin.
Aurreko igandean jakin nuen
bi gutxiago ginela ordurako;
lehenengo lerroko Juan eta Pedrori
birikak zigarrokin itzali gabeek
lehertu zizkieten.
Gaur igandea da.
Sei gara orain elizara beti joaten garenak;
igandero,
igandero.
Batek daki;
agian hurrengo igandean
bost izango gara,
edo, agian,
bost izango dira.

2017/02/08

Bageunden; banago

Eskerrik asko ihes egiteagatik. Benetan diotsut, bihotzez, eskerrik asko. Irtetean, atea itxi zenuenean, nire bihotza bertan harrapatuta geratu zen arren, eskerrak emateko beharra sentitu dut hausnartu ostean. Uste nuen arren munduan min handiena eman zidana izan zela ate hura azkenengoz itxi zenuen eguna, konturatu naiz ezetz. Egia esan, nire erraiek aspaldi ohartarazi zidaten ez zintudala maite, ez zintudala behar. Ez zintudan behar zu; behar nuen zure presentzia etxean, behar nuen zure eskuari eustea ezagunen baten ondotik pasatzean, behar nuen zure gorputzari itsastea dantzaldietan, behar nuen sentitu zure arnasketa gorabeheratsua gaueko hiruretan, baina ez zintudan behar zu. Kostatu zitzaidan ohartzea; hain da indartsua ohitura, hain konbentzigarria errutina, horixe sinestarazi zidaten denbora luzez. Beraz, eskerrik asko nik hartu behar eta ezin izan nuen erabakia hartzeagatik, eta, batez ere, hain era mingarri eta bat-batekoan egiteagatik. Gau batean bazeunden, eta hurrengoan zure usaina baino ez zen geratzen izaren artean. Gau batean bageunden, eta hurrengoan banengoen. Eta banengoen, benetan, banengoen ni, oso-osorik.