Menua

2018/10/23

Tranbian

Tranbia Gasteizen. Ni zutik. Parean, alde batera, emakume nagusi bat, ilea urdintzen hasia. Bestera, mutil gazte bat, txanoa jantzita, behera begira. Ezer apartekorik ez, itxuraz. Itxi dira ateak, jarri da martxan tranbia. Besterik gabe. Hasi da, orduan, emakumea bakarrik hizketan. Nire hizkuntza-gaitasunek detektatzen ez duten erregistro batean. Erdi xuxurlaka, baina, batez ere, oso kontzentratuta. Tolerantziaren eta normaltasunaren izenean behera begiratu dut, leihotik gero, berriz ere lurrera, zein gogaikarria beti begirada nonbaiten izan beharra; orain arte ere nonbaitera begira egongo nintzen ba. Pentsatzen hastea da txarrena; gertatu zaizue noizbait zuen besoetan pentsatzen jartzea oinez ari zaretenean, eta bat-batean soberan dituzuela sentitzea? Ba hori bera. 
Geltoki bat, beste bat. Eta hasi da pareko mutila hizketan. Ez du inor ondoan. Niri hizketan ari zitzaidala pentsatu dut, baina ez; beste nonbaiten dago mezuaren hartzailea. Kaskoak daramatza; telefonoz arituko da, asmatuko zuten aparaturen bat mugikorra ukitu gabe kaskoak aktibatzeko, zer dakit nik. Pentsamendua irakurri izan balit nola, kaskoak kendu, bildu eta gordetzen hasi da, narratzaile lanak altuan egiten zituela, ez oso modu argian, baina argiro ahots ozenez. Ingurura begiratu dut ezezagunen baten harridurazko begirada konplizeren baten bila; ez da normala hau, ala? Ezer ez, aizu. Bata mugikorrera, bestea liburura, eta nire pareko biak bakoitza bere bakarrizketa publikora. Jarri naiz pentsatzen agian ni neu geratu naizela atzeratuta gizartean; balitekeela, modu isil eta klandestino batean, bakarrik hitz egitearen kontua normalizatu izana, eta ni, nire munduaren ikuskera atzerakoiarekin, hori arrarotzat ikusten duen norbaiten bila. Paretik neska minigonadun kuadrila pasatzen denean 'gaur egungo gazteria...' botatzen duen agurea bezala. Lantzeke, apuntatu dut; kontzientziazio kanpaina egin beharko dut, ea aurkitzen dudan jabetze ikastaroren bat edo. 
'Ostia! Nire geltokia zen hori!' egin dit ihes oihuak tranbia martxan jarri eta berehala. Bagoi osoak eman du buelta niri begiratzeko. Takoarengatik agian, edo kontzientziazio kanpainek oraindik egiteko asko dutelako akaso.