“Idazmen kritikoa” da nire ikasgaietako bat. “Critical writing”, ingelesez. Bi orduko eskola magistrala izan ohi dugu, eta ordubeteko klase praktikoa gero. Klase praktikoan hamabost baino ez gara; zoragarria da. Idazten ikasi dugu; nola? Astero idatziz. Klasean ikasi dugu, astero-astero, nola idatzi. Argumentuak nola aukeratu eta sailkatu, iturriak nola hautatu eta ebaluatu, hiztegia eta tonua nola neurtu, eztabaida nola testuinguratu. Irakaslea gaztea da, ondo azaltzen du, gertuko adibideak erabiltzen ditu (Star Wars, Trump, Simpsondarrak), eta, batez ere, maite du guri azaltzea dakiena, eta maite du guk ulertzea. Eta nabari da, eta eskertzen da. Kontua da, gaur aritu garela falazia informalei buruz. Izena jarri diegu egunero entzuten ditugun argumentu hutsei, baliogabeei. Nire falazia mota gustukoena “pseudo sakontasuna” da: hitz handiak erabiltzea, ezjakintasun hutsuneak betetzeko. Burura etorri zaizkit zenbait militante jakintsu euskaldun independentista komunista begano feminista, euren diskurtsoa eraikitzen. Prentsaurreko luze eta astunak, eta gero eta hitz potolo gehiago, orduan eta hobeto. Cisheteropatriarkatuaren morrontzapean dirau gure gizarte kapitalistak, espezismoaren itzal ilunak atzetik darraigu eta transfobiaren eta lodifobiaren kate astunek hondoratzen gaituzte klase kontzientziarik gabeko estatu zapaltzaile honek betikotzen duen putzu sakonean. Hori bai, eskatu iezaiozu azaltzeko manifa zeren aldekoa den, eta ea nola irteten den hortik. Bai, ez? Badakigu zein espezieri buruz ari naizen. Gero eta argiago dut erabiltzen ditugula hain hitz potoloak beldur garelako argumentuekin ezingo ote dugun gure borroka defendatu. Errazagoa delako buruz ikastea “cisheteropatriarkatua” eta botatzea zentzu handirik gabeko esaldi baten erdian, cisheteropatriarkatuaren alde txarrak azaltzea baino. Ze, aizu, ez dakit herri honetan feministak izango garen, baina femilistoak, desde luego, bagara.