Menua

2020/01/14

Uraren zikloa

Lasaigarria da elurraren zuria. Elurra garbia da hemen, ia itsutzeraino. Inola ere zikindu ezin den izara garbitu berriaren antzera besarkatzen ditu espaloiaren izkinak, zelaiko belarraren gainean pausatzen da, goxo, zuhaitzentzat propio utzitako hutsune perfektuak ahaztu gabe. Urtxintxen oin txikiek ere osatzen dute koadroa, oinatz txiki perfektuekin marrazten baitute zuhaitz batetik besterainoko bidea, eta pof! desagertzen dira gero, aingeru batek lurretik desagerraraziko balitu nola. Bihurrikeria bat egin berri duen umetxoak kristalezko begiekin begiratzen didanean bezala, halaxe sentiarazten nau elur geruza ukigabeak. Nola ez dizkiot barkatuko, ba, hotz zorrotza eta bost galtzerdi pare eraman beharra, trukean laztantzen banau hain goxo bere maluta izoztuekin, margotzen badu nire mundua lasaitasunez. Elurraren hotza goxoa da, ez zaitu inbaditzen hezurretaraino, ez zaitu behartzen aterkia eramatera gero haize bolada batekin suntsitzeko. Elurraren hotzak aurpegia tenkatzen dizu hasieran, ezpainak zartatzen dizkizu asko jota, baina asmo onez egiten du. Muskuluak zurruntzen badizkizu da atentzioa deitzeko, berari bakarrik begira diezaiozun.

Izotza heldu distantea da, negozio-gizon boteretsua; gutxitan tokatzen zaizu parean, baina datorrenean badakizu kontu serioek dakartela. Garrangak edo gorbatak, biak dira hotzaren seinale. Euria, aldiz, nerabe ezegonkorra da, haserretzen denean dena buruz behera utz dezakeena. Blai eginda utz zaitzakeena hezurretaraino sartzen bazaizu, hotzikarak eragiten dituena baita etxera sartu ostean ere. Elurra umetxo inuzentea da, purua, asmo txarrik gabekoa. Esku pottoloz laztantzen zaituena egun hotzetan, ez zaituena ulertzen baina nolabait entzuten ari zaizula dirudiena. Hori da, hein handi batean, elurrak duen xarma: eramaten gaituela bueltan gure haurtzarora, ilusiora; arazorik gabeko garai haietara, non leihotik elur maluta txiki bat ikusi orduko gainerako guztia ahazten genuen: ez lanik, ez betebeharrik, jolastea besterik ez.