Menua

2017/10/26

Emeki

Emeok emeki egiten ditugu gauzak. Emeki, inposatu izan zaigun gisara: poliki, leun, astiro, goxo. Eme batek behar duen modura. Gaur, beraz, emeki maiteko zaitut. Emeki, baina nire modura, nire emetasunez. Emeki, pasioz, indarrez, sutsuki; arnasari deskantsatzeko betarik eman gabe maiteko zaitut gaur.

2017/10/21

Iltzatuta



­­Igandeak egun politak dira. Arrats politak dituzten egunak dira, hobe esateko. Nire etxeko atarira heltzeko zeharkatu behar dudan kale luzea hutsik dago, guztiz mortu. Farolen argi hilkorrek xume argitzen dituzte itzal ilunak, izarren argi jainkotiarraren begiradapean. Atarian, postontzietara jo dut; Nora Zubizarreta, Martxel Garmendia, 2.ezkerra dio duela sei urte izena jartzeko zirrikituan sartu genuen etiketatxoak. Ez dut kendu oraindik, ez. Mina ematen dit oraindik, bai. Baina hortxe dago, etiketatxoa zirrikituan engantxatuta geratu zen bezala geratu naizelako ni zure oroitzapenean iltzatuta. Iltzatuta, iltzez josita geratu nintzen, eta mina ematen didazun arren, min handiagoa ematen dit zugandik urruntzeak. Izan ere, mugitzen naizen bakoitzean barrurago sartzen zaizkit iltzeak; herdoiltzen hasiak direla badakidan arren, ez dut errotik ateratzeko besteko indarrik, eta, adorea batu arte, nagoen lekuan geratuko naizela uste dut. Orain inor ez dudala badakidan arren, noizbait norbait izan nuela gogorarazten didate iltze horiek, eta mina ematen didaten arren, hein batean kontsolatu egiten nau min horrek. 

 
flavita banana bilaketarekin bat datozen irudiak 
Irudia: Flavita Banana

2017/07/01

Itxurakeriari

Itxurakeria nagusi den egun hauetan, nire buruari galdetzen diot zenbateraino egiten dion mesede LGTB+ komunitateari balkoi ezjakin eta itxurazaleak ostadar banderaz betetzeak; zenbateraino egiten dion mesede feminismoari multinazionalek "guztiok izan beharko genuke feminista" dioten kamisetak kaleratzeak, atzean emakume esplotatuak daudelarik.
Denok dakigulako gure espediente politikoki zuzenean feministak izan beharko genukeela, homosexual eta transexualen aldekoak guztiz (erridikulua, heteroen aldekoak garela esatea beste) eta, bide batez, antitaurino errepublikano independentistak.
Askotan esan diot nire buruari hobe dela jendeak feminismoaren aldeko itxurakeria egitea, matxismoaren aldekoa baino, adibidez. Behintzat, badirudi argi dagoela zer dagoen ondo, eta zer izan beharko genukeen. Azken egunotan, ordea, duda egiten hasi naiz: benetan nahi al dugu institutoan gelako marimutila "bollera hutsa zara" lelopean jipoitzen duen matxiruloak ostadar bandera lepoan hartu eta kalera irtetea gure borroka aldarrikatzera? Hau da, mundu guztiak al du itxurakeriarako eskubidea? 
 lgtb pride bilaketarekin bat datozen irudiak

2017/05/25

Haserretu naiz, aizu

Hain da zaila askotan muga non dagoen jakitea. Zenbateko garrantzia duen gauza bakoitzak; benetan bueltak ematea merezi duen edo denborak bere horretara itzularaziko duen erabakitzea. Lasaia naiz ni. Orokorrean, ez diet gauzei gehiegizko garrantzirik ematen, eta denborak bere egitekoa ondo beteko duela sinesten dutenetakoa naiz. Hala ere, batzuetan kontu batzuek haserretu egin beharko nindutela erabaki, eta horixe bera egiten dut, haserretu. Haserretzen naiz haserretu beharrekoekin, eta adierazten diet nire haserrea. Zer egin, ordea, haserre hori gaitzesten dutenean? Zer egin zure hausnarketa oro hutsaren pare uzten dutenean? Merezi ez duela bueltak ematea, ez dela hainbesterako, esajeratu hutsa naizela. Momentu horietan pentsatzen dut gaizki erabaki dudala haserretzeko arrazoia, denbora galdu dudala merezi ez zuten gauzengatik kexaka, eta nire buruari histeriko zentzugabe kexati esajeratu ume itxura eman diodala ni horrelakoa ez banaiz ere. Zaila da zergatik haserretu aukeratzea, aizu.

2017/02/26

Min bizia

Hamar ginen elizara beti joaten ginenak;
igandero,
igandero,
hamar urtez.
Lehenengo lerroan, hiru;
bigarrenean, bi;
hirugarrenean, lau,
eta azkenengoan, ni.
Duela hiru igande, bederatzi bihurtu ginen;
hirugarren lerroko Joxe
eserleku gainetik azpira pasa zen.
Duela bi, zortzi ginen ja;
bigarren lerroko Joxefinak
ezin izan zuen min bizi harekin.
Aurreko igandean jakin nuen
bi gutxiago ginela ordurako;
lehenengo lerroko Juan eta Pedrori
birikak zigarrokin itzali gabeek
lehertu zizkieten.
Gaur igandea da.
Sei gara orain elizara beti joaten garenak;
igandero,
igandero.
Batek daki;
agian hurrengo igandean
bost izango gara,
edo, agian,
bost izango dira.

2017/02/08

Bageunden; banago

Eskerrik asko ihes egiteagatik. Benetan diotsut, bihotzez, eskerrik asko. Irtetean, atea itxi zenuenean, nire bihotza bertan harrapatuta geratu zen arren, eskerrak emateko beharra sentitu dut hausnartu ostean. Uste nuen arren munduan min handiena eman zidana izan zela ate hura azkenengoz itxi zenuen eguna, konturatu naiz ezetz. Egia esan, nire erraiek aspaldi ohartarazi zidaten ez zintudala maite, ez zintudala behar. Ez zintudan behar zu; behar nuen zure presentzia etxean, behar nuen zure eskuari eustea ezagunen baten ondotik pasatzean, behar nuen zure gorputzari itsastea dantzaldietan, behar nuen sentitu zure arnasketa gorabeheratsua gaueko hiruretan, baina ez zintudan behar zu. Kostatu zitzaidan ohartzea; hain da indartsua ohitura, hain konbentzigarria errutina, horixe sinestarazi zidaten denbora luzez. Beraz, eskerrik asko nik hartu behar eta ezin izan nuen erabakia hartzeagatik, eta, batez ere, hain era mingarri eta bat-batekoan egiteagatik. Gau batean bazeunden, eta hurrengoan zure usaina baino ez zen geratzen izaren artean. Gau batean bageunden, eta hurrengoan banengoen. Eta banengoen, benetan, banengoen ni, oso-osorik.