Igandeak egun politak dira. Arrats politak dituzten egunak dira, hobe
esateko. Nire etxeko atarira heltzeko zeharkatu behar dudan kale luzea hutsik
dago, guztiz mortu. Farolen argi hilkorrek xume argitzen dituzte itzal ilunak,
izarren argi jainkotiarraren begiradapean. Atarian, postontzietara jo dut; Nora Zubizarreta, Martxel Garmendia, 2.ezkerra dio duela sei urte izena jartzeko zirrikituan
sartu genuen etiketatxoak. Ez dut kendu oraindik, ez. Mina ematen dit oraindik,
bai. Baina hortxe dago, etiketatxoa zirrikituan engantxatuta geratu zen bezala
geratu naizelako ni zure oroitzapenean iltzatuta. Iltzatuta, iltzez josita
geratu nintzen, eta mina ematen didazun arren, min handiagoa ematen dit
zugandik urruntzeak. Izan ere, mugitzen naizen bakoitzean barrurago sartzen
zaizkit iltzeak; herdoiltzen hasiak direla badakidan arren, ez dut errotik
ateratzeko besteko indarrik, eta, adorea batu arte, nagoen lekuan geratuko
naizela uste dut. Orain inor ez dudala badakidan arren, noizbait norbait izan
nuela gogorarazten didate iltze horiek, eta mina ematen didaten arren, hein
batean kontsolatu egiten nau min horrek.
Irudia: Flavita Banana
Asko gustatu zait.Mila esker
ErantzunEzabatuEz horregaitik
Ezabatu