Beti nahi izan
dut ezkerra izan. Ezkerreko eskuarekin idazten duena, esan nahi dut. Obsesio
txiki bat izan dut betidanik, beti pentsatu izan dut ezkerreko eskuarekin
idazteak bazekarrela halako magia bat berekin. Artisten eskua da ezkerrekoa,
ezkerreko eskuz idatziak dira libururik onenak, ezkerreko eskuz marraztuak
artelanik ederrenak. Ez dut frogarik, baina ezta dudarik ere. Eskuineko eskuarekin
idatzi dut nik beti. Nahi izan dut txikitatik artista izan, (nahi izaten dut
oraindik ilusio handiz esnatzen naizen egunetan), baina beti falta izan zait
azken elementua, jaiotzetiko kualitatea: ezkerra izatea. Ez nazazue gaizki
ulertu, ezker eskuaz idazteak ez dakar gaitasun artistikorik intrintsekoki. Baina
ezkerra bazara, eta gainera artista, biderkatu egiten du zure artistikotasuna.
Eta hori horrela da. Egia esan, saiatu izan naiz ezkerra izaten noizbait.
Saiatu naiz ikasten. Baina ez da gauza bera ezkerra izatea ala eskuin konbertitua
izatea. Eta, noski, eskuintasun konbertituak ez du magia bera; ez daukat erremediorik.