Menua

2020/11/05

Feminitatea

Nire kontraesanek askotan inbaditzen naute. Pentsatzen jartzen naiz zenbateraino den nire irudia den bezalakoa hala izan behar duela esan didatelako; zenbateraino, besterik gabe, gustatzen zaizkidan normatibotasunak barne dakartzan hautu/arau estetikoak. Zer dudan gustokoago; irudi bat ematea zeinak, kasualitatez ala ez, normaren antz handia daukan, ala normaren barruan egotea bera. Ze, kontraesanak kontraesan, oso irudi estereotipikoki femeninoa dut. Eta irudi honekin naiz ni naizena, irudi honek sentiarazten nau seguru, indartsu, “eder”. Hortxe dator kontraesana: dudan irudia gustatzen zait, bai, baina zergatik? Sozialki ondo ikusia legokeena beste zerbait balitz, beste irudi bat izango al nuke? Badakit mundu guztia ezin dela transgresoreena izan. Bestela, transgresioa bihurtuko litzateke norma, eta hori ere ez dugu nahi, ezta? Nik zer dakit, ni ez naiz teorizatzailea. Baina batzuetan gauza horiek pentsatzen ditut, eta gero janzten dut nire soinekoa, makilatzen naiz, orrazten dut nire ile luzea eta kalera irteten naiz, nire femeninotasun normatiboa erakustera.

Lasaitasun artifiziala

 Lasaitasun deserosoa zen, artifiziala. Denborak aurrera jarraitu balu bezala, doluari denborarik eman gabe; lasaitasuna imposatua zen ebatzi gabeko zalapartaren gainean.  Beti imaginatu dut halakoa behar duela gudu zelai batek, behin gerra bukatutakoan. Zauriak orbain itxura hartzen duenean nola, bakea iritsi dela badirudi ere hor darrai minaren presentziak, inoiz baino nabarmenago. Gudu zelai batek ez du ezertarako balio gerra bukatzen denean. Natura hila, gorpuz betetako lur zati suntsitua, baliogabea. Isiltasuna azkar mugitzen den leku horietakoa behar du gudu zelai batek gerra bukatutakoan.