Menua

2016/10/29

Ondo gaudela sinetsi diegu

Jada ez digute oihu egiten
ez digute ezer inposatzen,
ez dizkigute belarriak
aginduz betetzen
Orain aginduak
xuxurlatu egiten dizkigute
belarrira, goxo,
eta badirudi
askeak garela,
badirudi
ez gaudela zapalduta,
eta agian
horixe da arazoa:
ongizate egoeran gaudela esan digute
eta guk ondo gaudela sinetsi diegu.

2016/10/26

Egiak

Gezurrez osatutako 
mundu honetan 
zaila da zinez 
egia zeinek dioen erabakitzea, 
gehienbat 
bakoitzaren egiak 
ez duelako 
ondokoarenarekin 
inongo zerikusirik, 
eta egia benetakoa,
denon egia dena,
inork 
esaten ez duelako, 
hori egiten duena 
iraultzaile burugabea 
besterik 
ez delako.

Dios ezagutu nuenekoa

"Kalera irten eta ez nuen inor ikusi, / Kalera irten eta ez nuen inor ikusi, / O jauna!, jaitsi zaitez azkenez / ezen Infernuan ez baitago inor." Zioen Leopoldo María Panerok. Zoro zegoen, edo hori zioten medikuek behintzat. 
Kalean noa, bakarrik. Astelehen arratsaldea, udazkena hasi berri, hego haizea. Kalearen bukaeran agertu da Txus, Arrasateko zoroa. Denok ezagutzen dugu; nori ez dio ba "Qué feo es Mondragón cuando nieva" bat bota abuztuko egunik itsaskorrenean... Onartuko dut beldur puntua sartu zaidala; mobila hartu eta aurrera jarraitu dut. Hortxe heldu da iruzkina: "Qué va, si Dios soy yo" esan dit. Aurrera jarraitu du, besterik gabe.  Leopoldo, kasu egin dizu Jaunak, etorri da. Zu beharrean, ordea, ni aurkitu nau Infernuan, bakarrik.

2016/10/17

Gorroto nuen poesia

Txikitan gorroto nuen poesia. Gustatzen zitzaidan idaztea, maite nuen irakurtzea, baina poesia ez, sekula. Zentzurik ez zuela iruditzen zitzaidan, hitz gutxiegi zituela testu bat osatzeko, paper gehiegi uzten zuela zuriz alde bakoitzean. Iruditzen zitzaidan poesia ez zela benetako literatura, nik irakurtzen nituen ipuin paregabeen mailan egoten saiatuagatik ere ez zela sekula istorio bat kontatzeko gai izango. Hitzak falta zitzaizkion, zurian beltz jarritakoa ez zen nahikoa ganorazko ezer esateko.
Ez nekien zer zen poesia, ez nuen sekula poesia bat irakurri. Aurreiritzi hutsak ziren guztiak, baina aizu, halakoa nintzen umetan; baita ez hain umetan ere. Nork esango ziokeen hamar urteko neskatilatxo hari burua hautsiko zuenik lau hitz madarikaturi zentzua eman nahian, bere buruari "poeta" edo deitzeko saiakera desesperatuan...