Zer moduz
moldatzen zara frantsesarekin? Ari zara aurreratzen? Nik baietz, beti. Eta egia
da, eh. Klasean zoragarri moldatzen naiz: egiten ditut nire ahozko
txukun-txukunak, azterketak ere elegante. Gainerako atzerritar
ez-frankofonoekin komunikatzeko orduan ere erraminta bikaina da, zubi bakarra
azken finean. Hori bai, hasten direnean frantsesak haien artean hizketan...
komeriak. Azkar deskonektatzen dut; ez dut ulertzen, eta kitto. Baina noski,
niri ere frantsesez zuzentzen zaizkit; nola bestela? Inozoa dirudit;
maitasunaren hizkuntza izango da, baina edozein elkarrizketa informaletan,
desenkanto totala eragiteko baino ez dit balio niri frantsesak. Hogei segundu
hitza bilatzeko, bost konturatzeko ez dudala ezagutzen/gogoratzen, beste bost
alternatiba onargarri bat bilatzeko, eta hurrengo hogei minutuak damutzeko
erabili dudan hitzaz, ahoskapen ia totelari ehun buelta eman, eta berriro
hasteko. Ikusi nuen aurrekoan meme bat, SofĂa Vergararena. Ez
nuke sekula esango, baina identifikatuta sentitu nintzen. Oso. “Do you know how
smart I am in Spanish?” Halako zerbait zioen, eta ageri zen bera, oso haserre
bere familia anglofonoari zuzentzen zitzaiola. Eta horixe da sentitzen dudana
beti, beti. Nire puntu fuertea inoiz ez da izan espontaneotasuna, txispa hori.
Nirea izan da sakontasuna, badakizue: elkarrizketa interesgarriak bai, baina ez
minutu erdikoak; horiekin sekula ez naiz oso ondo moldatu. Baina noski,
euskaraz. Asko jota, gaztelaniaz. Ba orain, imaginatu: nire
bat-batekotasunerako inkonpetentzia naturala, gehi ondo ezagutzen ez dudan
hizkuntza batean moldatu beharra. Maitasunaren hizkuntza desenkantoaren
hizkuntza bihurtzeko errezeta aurkitu dizuet, lagunok.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina