2019/10/07
Produktibitatearen izenean
Ikasle-egoitzako sukaldea komuna da (denontzako berbera, alegia). Goizero jaisten naiz sukaldera, kafe disolbagarria egiteko ura berotzera mikrouhinean. Kutretasunaren definiziotzat har genezake seguraski, baina tira. Horrelakoa da bizitza. Urak, gutxi gora behera, bi minutu behar ditu irakiteko. 1:45, zehatzago. Kalkulatu dut dagoeneko. Normalean ez da inor egoten sukaldean goizetan, baina gaur bi neska zeuden mahaian eserita. Hegoamerikarra bat, ingelesa bestea. Espainolez hizketan. Eta ni, katiluari begira, bueltak nola ematen dituen ikusten. Asko dira bi minutu, egiteko ezer ez baduzu. Nahi gabe, baina elkarrizketa entzuten jarri naiz. Insomnioa duela dio batek, ezin duela lorik egin ia inoiz. Goizeko bostetan jaiki, eta ezin izaten dela berriro ere lokartu. Besteak erantzun dio ikerketa bat egin duela horretaz, eta entzuteko bere gomendioa. Espero nuen zerbait zientifikoagoa, erremedioren bat, baina honakoa bota dio: joan beharko zenuke medikuarenera, eta tratatu insomnioa. Izan ere, kaltegarria da zuretzat, noski, baina baita gizartearentzat ere. Azken finean, lorik egiten ez duzun egun bakoitzeko baxuagoa da zure produktibitatea, eta dirua galtzen du gizarteak. Uste nuen loarekin zerikusia zuten ikasketak egindakoa izango zela neska, baina badirudi ekonomialaria dela gehiago. Ekonomialaria, edo multinazional bateko espia, egoitzako ikasleon artean infiltratua etorkizunean nor abduzitu jakiteko. Bietako bat. Hala ere, apuntatu dut gomendioa: siesta egiteagatik gaizki sentitzen naizen hurrengoan, nire buruari esango diot lasai egoteko, produktibitatearen izenean egin dudala. Eta listo. Ding! Berotu da ura.
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina