Menua

2020/02/26

Erlijio unibertsala

Italiako herri txiki batekoa da nire klasekideetako bat. Gure kontuez ari ginela, erlijioaren gaia irten zen ekarrizketan. Kontatu zidan bere herrian mundu guztia joaten dela txikitatik elizara; gurasoek hala aginduta, noski. Katolikotasunaren ordena logikoa jarraitzen dutela belaunaldi berriek ere: bataioa, jaunartzea, konfirmazioa, ezkontza, eta heriotzak banatu arte. Bera bigarren pausoaz geroztik hasi zen kontuarekin pixka bat nazkatzen. Ez zitzaion gustatzen konfesatzera joan behar izatea: formala zen bera, baina apaizak ez zion joaten uzten ekintza txarren bat aitortu arte. Gainera, behin gaiztakeria asmatutakoan, hogei aldiz errepikatu behar izaten zion gauza bera elizako hormari barkatua izateko. Jainkoa hain ona bazen, zergatik behartzen zuen bekatuak asmatzera? Hirugarren pausoa bete eta berehala utzi zion jainkoarengan sinesteari. Ez zen bere buruan sartzen hain izaki ongile batek nola babes zezakeen hainbeste bazterketa, hainbeste diskriminazio. Galdera asko egiten zizkion katekesia erakusten zion monjari, eta hark ezin erantzun. Erantzunik ez, eta bere erantzun propioak bilatu zituen. Harro sentitu nintzen nire gurasoek hezi ninduten moduaz: erlijio oroz at, eta askatasun osoz. Hurrengo egunean, hizketan ari ginela, kontatu zidan bere lagun bat hogeita hiru urterekin ezkondu berri zela, eta ezkondu arte itxaron zuela sexu harremanak edukitzeko. Uste nuen ez zela existitzen “arau” hori betetzen zuen gazterik; harritu egin ninduen. Kontatzen jarraitu, eta esan zidan: “elkarri oinak garbitu zizkioten ezkontzan, imajinatu”. Grazia handia egiten zion kontuak, eta xelebre samarrak izango zirela imaginatu nuen. Ez nion garrantziarik eman, airean geratu zen iruzkina. “A, agian zuk ez dakizu zergatik. Badakizu ekintza horren esanahia, ezta?” Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin erlijioarekin zerikusia zuen zerbait izan zitekeenik. 
Literatura unibertsaleko klaseetan ere gauza bera gertatzen zitzaidan askotan; Bibliari erreferentzia amaigabeak egiten zaizkio klasikoetan, erabiltzen dira irudi erlijiosoak, sinboloak. Eta nik ez ditut ulertzen. Beti egon naiz oso harro guztiz ateoa izateaz, baina ari naiz konturatzen erlijioa historia dela, oinarria dela. Ari garela aldatzen, baina iragana ulertzeko ezinbestekoa dela kristautasunaren oinarrien berri izatea. Eta gai horretan ezjakin samarra izateak progre itxura eman badiezadake ere noizean behin, bizitza beti da dibertigarriagoa besteen erreferentziak ulertzeko gai zarenean.

2020/02/11

Errealitate birtuala

Arratsaldeko bostetako autobusa lepo betetzen da beti. Tentsioa nabari da geltokira iritsi bezain pronto: begirada iheskorrak, ni iritsi naiz zu baino lehenago, egon ziur ni ez banaiz autobusean sartzen zu ere kanpoan geratuko zarela nirekin. Sartu naiz, geltokira denetan azkena iritsi banaiz ere, eta zutik bidaiatzea tokatu. Berdin zait, egia esan; ez dit askorik axola. Hogeita bost urte inguruko neska batek altxatu eta bere lekua eskaini dit segidan. Zahar samar sentitu, eta lasai egoteko esan diot, lotsatuta. Hurrengo geltokian jaitsi da; baliteke horrek ere zerikusia izatea eskaintzarekin. Geltoki bat bestearen atzetik, betetzen joan da autobusa, eta ni irteera atearen ondoan geratu naiz ataskatuta. Ez aurrera eta ez atzera, jende artean mugitu ezinik. Haatik, jendez inguratuta egonda ere, nabaritu dut zerbait arraroa, jendea deskonektatuta egongo balitz bezala. Ingurura begiratu, eta jende guztiak daramatza kaskoak, airpod horietakoak, aurikularrak. Bakoitza bere musika bandarekin, bakoitza bere pelikula propioa bizitzen; diskoteka erraldoi batean, jartzen ari diren musika entzuten ez duen bakarra izango banintz nola sentitu naiz. Emakume nagusi bat altxatu da hurrengo geltokian jaisteko. Zerbait barregarria gertatu omen zaio altxatzean, eta komentatu egin dio bere pareko mutil gazteari. Mutilak, kasko beltz erraldoi batzuk buruan, irribarre egin dio. Emakumeak, esan diona ulertuko ez zuelakoan-edo, errepikatu egin dio, altuago. Mutilak, kaskoak kentzeko inongo asmorik gabe, irribarre egin dio berriro ere, andrea ergela balitz bezala. Errealitate birtuala zirudien, etorkizuneko munduaren irudikapen bat: gero eta indibidualistago, guk geuk aukeratuko dugu entzun nahi duguna, guk diseinatuko dugu gure bizitzako soinu banda uneoro. Eta aizu, nirekin hitz egin nahi baduzu, itxaron zure txanda. Hurrengo geltokian jaitsi da andrea, eta “au revoir, bonne journée” esan diot. Irribarre egin dit, eta “bonne journée, ma belle” esan dit. Normalean lotsa emango lidake ezezagun bati hitz egiteak, baina gaur berdin izan zait: banekien emakumeak baino ez zidala entzungo, gainerakoak okupatuegi baitzeuden Beyoncéri entzuten.