Menua

2020/02/11

Errealitate birtuala

Arratsaldeko bostetako autobusa lepo betetzen da beti. Tentsioa nabari da geltokira iritsi bezain pronto: begirada iheskorrak, ni iritsi naiz zu baino lehenago, egon ziur ni ez banaiz autobusean sartzen zu ere kanpoan geratuko zarela nirekin. Sartu naiz, geltokira denetan azkena iritsi banaiz ere, eta zutik bidaiatzea tokatu. Berdin zait, egia esan; ez dit askorik axola. Hogeita bost urte inguruko neska batek altxatu eta bere lekua eskaini dit segidan. Zahar samar sentitu, eta lasai egoteko esan diot, lotsatuta. Hurrengo geltokian jaitsi da; baliteke horrek ere zerikusia izatea eskaintzarekin. Geltoki bat bestearen atzetik, betetzen joan da autobusa, eta ni irteera atearen ondoan geratu naiz ataskatuta. Ez aurrera eta ez atzera, jende artean mugitu ezinik. Haatik, jendez inguratuta egonda ere, nabaritu dut zerbait arraroa, jendea deskonektatuta egongo balitz bezala. Ingurura begiratu, eta jende guztiak daramatza kaskoak, airpod horietakoak, aurikularrak. Bakoitza bere musika bandarekin, bakoitza bere pelikula propioa bizitzen; diskoteka erraldoi batean, jartzen ari diren musika entzuten ez duen bakarra izango banintz nola sentitu naiz. Emakume nagusi bat altxatu da hurrengo geltokian jaisteko. Zerbait barregarria gertatu omen zaio altxatzean, eta komentatu egin dio bere pareko mutil gazteari. Mutilak, kasko beltz erraldoi batzuk buruan, irribarre egin dio. Emakumeak, esan diona ulertuko ez zuelakoan-edo, errepikatu egin dio, altuago. Mutilak, kaskoak kentzeko inongo asmorik gabe, irribarre egin dio berriro ere, andrea ergela balitz bezala. Errealitate birtuala zirudien, etorkizuneko munduaren irudikapen bat: gero eta indibidualistago, guk geuk aukeratuko dugu entzun nahi duguna, guk diseinatuko dugu gure bizitzako soinu banda uneoro. Eta aizu, nirekin hitz egin nahi baduzu, itxaron zure txanda. Hurrengo geltokian jaitsi da andrea, eta “au revoir, bonne journée” esan diot. Irribarre egin dit, eta “bonne journée, ma belle” esan dit. Normalean lotsa emango lidake ezezagun bati hitz egiteak, baina gaur berdin izan zait: banekien emakumeak baino ez zidala entzungo, gainerakoak okupatuegi baitzeuden Beyoncéri entzuten.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina