Menua

2018/10/23

Tranbian

Tranbia Gasteizen. Ni zutik. Parean, alde batera, emakume nagusi bat, ilea urdintzen hasia. Bestera, mutil gazte bat, txanoa jantzita, behera begira. Ezer apartekorik ez, itxuraz. Itxi dira ateak, jarri da martxan tranbia. Besterik gabe. Hasi da, orduan, emakumea bakarrik hizketan. Nire hizkuntza-gaitasunek detektatzen ez duten erregistro batean. Erdi xuxurlaka, baina, batez ere, oso kontzentratuta. Tolerantziaren eta normaltasunaren izenean behera begiratu dut, leihotik gero, berriz ere lurrera, zein gogaikarria beti begirada nonbaiten izan beharra; orain arte ere nonbaitera begira egongo nintzen ba. Pentsatzen hastea da txarrena; gertatu zaizue noizbait zuen besoetan pentsatzen jartzea oinez ari zaretenean, eta bat-batean soberan dituzuela sentitzea? Ba hori bera. 
Geltoki bat, beste bat. Eta hasi da pareko mutila hizketan. Ez du inor ondoan. Niri hizketan ari zitzaidala pentsatu dut, baina ez; beste nonbaiten dago mezuaren hartzailea. Kaskoak daramatza; telefonoz arituko da, asmatuko zuten aparaturen bat mugikorra ukitu gabe kaskoak aktibatzeko, zer dakit nik. Pentsamendua irakurri izan balit nola, kaskoak kendu, bildu eta gordetzen hasi da, narratzaile lanak altuan egiten zituela, ez oso modu argian, baina argiro ahots ozenez. Ingurura begiratu dut ezezagunen baten harridurazko begirada konplizeren baten bila; ez da normala hau, ala? Ezer ez, aizu. Bata mugikorrera, bestea liburura, eta nire pareko biak bakoitza bere bakarrizketa publikora. Jarri naiz pentsatzen agian ni neu geratu naizela atzeratuta gizartean; balitekeela, modu isil eta klandestino batean, bakarrik hitz egitearen kontua normalizatu izana, eta ni, nire munduaren ikuskera atzerakoiarekin, hori arrarotzat ikusten duen norbaiten bila. Paretik neska minigonadun kuadrila pasatzen denean 'gaur egungo gazteria...' botatzen duen agurea bezala. Lantzeke, apuntatu dut; kontzientziazio kanpaina egin beharko dut, ea aurkitzen dudan jabetze ikastaroren bat edo. 
'Ostia! Nire geltokia zen hori!' egin dit ihes oihuak tranbia martxan jarri eta berehala. Bagoi osoak eman du buelta niri begiratzeko. Takoarengatik agian, edo kontzientziazio kanpainek oraindik egiteko asko dutelako akaso.

2018/06/12

Heriotzaren ostean

Heriotzaren ostean ezer ez dagoela. 
Mesedez. 
Nola ez da, ba, ezer egongo? 
Heriotzaren ostean dena dago: 
gabonak, urtebetetzeak, ekaitzak, hego haizea. Heriotzaren ostean, ez dagoen bakarra 
hiltzen dena da.

An(on)imo

Itzulpengintza, sarrera proba. Ikasle asko, gehiegi akaso. Botako nizuke zifra bat, baina oso txarra naiz gauza hauetarako; berdin esan diezazuket berrehun zein bostehun. Gela erraldoi batean sartu gaituzte, ardiak nola: bakoitza mahai kutre horietako batera, paper zati baten aurrean, eta aurrera. Ingurura begiratu dut. Izenik gabeko aurpegi asko, aurreiritziek ere definitu ezin dituzten horietakoak guztiak. Kuriosoa iruditu zait nola irabazten duten aurpegiek kolorea eta esanahia izen bat jasotzen duten unean. Nola izenarekin batera jasotzen duten izana, nola hasten diren erakargarriak izaten anonimotasunean ikusezinak diren detaileak: orbain bat, orezta bat, aparatua, belarritako bat, ibilera bat. Eta jarri naiz pentsatzen hurrengo urtean klasekide izango ditudala asko, eta bat izango dela jasanezina, besteak eskatuko dizkidala apunteak inongo lotsarik gabe, eta bestea gelara sartzean lotsagorritu egingo naizela erakargarria irudituko zaidalako. Eta, gero eta gehiago ezagutu, orduan eta nazkagarriago edo atseginago irudituko zaizkidala gaur nik bezainbesteko ezjakintasun eta kuriositaez ingurua miatzen duten inurri anonimoak. 2804 idazteko esan didate, identifikatzeko, baina izenik ez; gaur anonimoak gara.

2018/06/01

Zerutik zintzilik gaude

Zerutik zintzilik gaude; heriotza dugu txotxongilo gidari. "Bizitza da heriotzari aurre egiten dioten funtzioen multzoa", aipatzen zuen Anjel Lertxundik F.X.Bichat bere Eskarmentuaren paperak lanean. Zenbat aldatzen gaituen heriotzaren hats epelak, nola harrotzen dituen hipokresiaren hautsak heriotzaren kapa luze urratuak. Nietzschek zioen bizitza bakarra zen arren, behin eta berriz bizitzera kondenatuta geundela, etengabeko ziklo batean. Beraz, egunez egun egindakoaz harro sentitzea — edo, gutxienez, ez damutzea — zen kontua, bihar hiltzekotan bizitakoaz poztea. Konpetentzia handiegia da hilerrian; zeruan baino, lurrean dago dir-dir egiteko aukera.

2018/05/13

Gaubeila

Heriotza baten osteko eguna goizaldean tabernatik irten eta argitu duela ikustea bezalakoa da. Konturatzea egunari berdin izan zaiola non egon zaren, zer gertatu zaizun; berdin-berdin argitu duela, korbatadun gizonek afeitatu berri usaina dutela gaur goizean ere eta txoriei ez zaiela axola zuk ezer entzuteko gogorik ez izatea, abesteari ekin baitiote gaur ere. Zu ilun egon arren munduak argi dirauela, zuk gelditu beharra baduzu ere bizitzak aurrera dirauela. Iluntasun ordu batzuk gehiago, kamarero; gaur ezin diot egunaren martxari jarraitu.

2018/05/06

Gazte literatura

Gorroto dut "gazte literatura" kontzeptua. Go-rro-to-dut. Gazte literatura, bi puntu, amodiozko istorio errepikakorrak eta lagunen arteko liskarrak. Hori al gara gazteak? Benetan? Gazte baten, nerabe baten burutik pasatzen den bakarra hori al da? Ezetz erantzun nahiko nizuke! Egia da batzuen bizitza horretara mugatzen dela, ados; sentitzen dut hau horrela esatea, baina gazte horiek ez dute irakurtzen nahi dutelako, eta irakurtzen badute, institututik agindu dizkieten liburuak irakurtzen dituzte, irakasleak hain daudelako desesperatuta ez baitakite zer egin ere hauek irakur dezaten. Eta hori da irtenbidea: hasi orduko nola bukatuko diren badakizun horietako liburuak irakurtzeko agintzea, gazteek burua txoriz beteta dutela indartu baino egiten ez dutenak. Ez diot txarrak edo onak direnik, (nire iritzia gorabehera) baina hala da. Xumetasunetik; saltzeko daude idatzita, nerabe prototipo horri saltzeko soil-soilik. Aurreiritziak izango dira, baina hamasei urteko neska baten maitasun kontuak eta bere lagunen arteko liskar tontoak kontatzera datorrela jakiteko gai naiz norbaitek "gazte literatura" esaten didanean. Euskarazkoari buruz ari naiz gehienbat, uste dudalako espainolez badagoela halako malgutasun eta aniztasun bat ere. Ni gaztea naiz, irakurtzea gustatzen zait eta esango nuke ez dudala sekula topatu gustatu zaidan libururik (euskaraz) "gazte literatura"ren barruan sartuta dagoenik. Ez al naiz gazte ona, edo agian zuek zarete, "gazte literatura" idazleok, gazte kontzeptua zaharkituta (edo komertzializatuta) duzuenak?