Ari da sortzen euskara berri bat, eta ari da
bere bidea egiten. Gure altxor akademikoak (euskarak, argi geratu ez bada) ere
balio du umorea egiteko, eta badu malgutasuna, beti kontrakoa pentsarazi
diguten arren.
Duela gutxira arte ez gintuen konbentzitzen; kutsu zaharkitu bat zuten euskaraz erakusten zizkiguten irain eta espresioek. Orain beste gauza bat da: orain Instagramen dago. Eta funtzionatzen du.
Nire ustez, funtzionatzen du gertukoa delako, eta identifikatuta sentitzen garelako; barrea eragiteko ezinbestekoa da askotan. Instagramen ikusten baduzu Trumpi buruzko meme bat, grazia egin diezazuke hein batean, zein eta nolakoa den badakizulako, baina urrun geratuko zaizu ezinbestean. Aldiz, Instagramen agertzen bazaizu Otegiren erakargarritasunari buruzko meme bat, grazia egitekotan grazia handia egingo dizu, zure herrian egon zenean lagunak horixe bera komentatu zizulako edo zure ama berarekin maiteminduta dagoelako. Gauza bera hizkuntzarekin: ez da gauza bera azentu andaluziarraren ulertezintasunarekin jokatzen duen txiste bat edo "eskerrik" dioen jendea deabruarekin alderatzen duena. Baliteke andaluziarren bat ezagutzea, baina askoz probabilitate handiagoa dago okindegian norbaiti "eskerrik" esaten entzuteak zure barne sua pizteko. Umore absurdoak ere asko balio du: Gucci markako kamiseta bat pixka bat aldatu eta "Gipucci" idaztea nahikoa da niri barre algara bat ateratzeko. Txorrada bat da? Bai. Barregarria da? Oso. Eta ez hori bakarrik, perfektua da zure lagun gipucciari bidaltzeko, eta kode bat sortzeko: hortik aurrera, Gucci markako kamiseta bat ikusteak zure lagun gipuccia gogoraraziko dizu, eta irribarre bat aterako dizu. Gauza txikiak dira, baina lehen ez zegoen horrelakorik, edo behintzat, ez hain eskura.
Ez dago euskal friki bat izan beharrik gauza hain sinpleak ulertzeko, euskara hutsean egon eta euskal panoramari buruzkoak izan arren. "When zure etxekoi jartzen denean fully txirulas" esaldi bat da, eta zentzua dauka. Onena? Instagrama duten euskal gazte gehienek ulertzen dute.
Etxekoi
ingeleseko "homie" hitzetik dator, gaztelerazko tío edo hermano baten
antzekoa litzatekeena;
Homie hitza home-tik
dator, etxekoa, gertuko laguna-edo. Euskaraz? Home etxe
bada, homie etxekoi. Eta ulertzen da! Eta kontestuarengatik,
txirula izan daiteke drogen efektuekin zerikusia duen edozer: mozkor, drogatuta
egotea, drogazale bat izatea, kokainomano bat, edaria gustuko duena. Edozer.
Kontestuak erabakitzen du, eta ikusleak ulertu. Gainera, euskaraz dakiten gazte
gehienek badakite ingelesez ere. Beraz, irakurtzen dutenean "When zure etxekoi jartzen denean fully txirulas" meme baten barruan, ulertzen dute, hizkuntza nahasketak
grazia egiten die, harro sentitzen dira ulertu dutelako, eta nahasketa horrek
barrea eragiten die. Instagramen dagoenez, erabakitzen dute beraien etxekoi
fully txirulas-ari bidaltzea, eta umore-kate bat sortzen da. Txantxetan
lehenengo eta edozein elkarrizketatan gero, etxekoi deitzen hasten zaizkie
lagunei, eta atzo gaueko txiruladari buruz hitz egiten dute hurrengo egunean.
Eta voilá!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina