Menua

2015/12/31

Piano huts bat Amsterdameko geltokian.

Piano bat dago Amsterdameko geltokian.
Piano huts bat.
Ukituko duten hatz batzuen zain dago.
Gozatuz batera, gainerakoak gozarazteko zain dago.
Geltokia hutsik dago, triste.
Bikote bat gerturatu da pianora.
Aulkian eseri dira bata bestearen ondoan, eta magia sortu dute.
Haien hatzek pianoaren tekla guztiak laztandu dituzte.
Geltokia alaitu da, eta jendeari irribarre bat marraztu zaio aurpegian.
Umeak pianoaren inguruan pilatu dira.
Baita nagusiak ere.
Piano hutsa ez dago bakarrik orain.
Geltokia ez dago hutsik orain, ezta triste ere.
Pianoa bizirik dago orain, eta langileren bat edo beste zoriontsuago iritsiko da lanera, eta bezeroren bati irribarre bat aterako dio agian.
Bezeroa pozik egongo da, eta etxera iristean seme-alabei kasu handiagoa egingo die agian.
Seme-alabak pozak zoratzen egongo dira, eta haien lagunekin detaileren bat izango dute agian.
Lagunak izugarri poztuko dira, eta aitari kontatuko diote agian.
Aitak irribarre egingo du, eta emazteari kontatuko dio agian.
Emazteak goizean, geltokian, bikote bat pianoa jotzen ikusi duela kontatuko dio.
Eta irribarre egingo dute.


2015/12/20

Aurreiritzi hipokritak

Hipokrita sentitzen naiz askotan. Hipokrita, bai. Gizarte moderno honen kide naiz. Ados nago gaur egun babesten den pentsamolde libre, aske honekin; guztiz ados. Bakoitzaren erabakia izan dadila neska, mutil edo beste edozer izan nahi duen; nola jantzi behar duen; zein irudi fisiko duen; nolakoa den barrutik eta kanpotik; nahi duena maitatzen eta nahi duena gorrotatzen. Dirudienez, gizartearen gehiengo handi bat dago horren alde, eta asko pozten nau horrek. Baina orain, tira, izan gaitezen errealistak. Horixe defendatzen dugu guztiok, ados. Baina zenbatek du hori errotuta? Zenbatek ez du inoiz kontrakorik pentsatu? Nik bai, aitortzen dut. Esan nahi dut, ea ongi ulertzen nauzuen: zinez, izugarri gustatuko litzaidake aurreiritzirik ez izatea.

2015/12/03

Xarma


Xarma hitzak berak badu xarma punttua. Hitzean bertan darama ixa xuabe eta goxo hori, belarrira xuxurlatzen dizuna. Xuxurla xarmant eta xuabea, xarmaren ixarena.




Olatu gorriak

Gaur ere, olatu gorriz busti dira hondartzak;
telebistan agertzen ez diren hondartzak.

Ez du axola hondartza horiek
gorriz tindatzen badira ere.

Gure hondartzan tanta gorri bat agertu bezain laster,
hantxe agertzen dira milaka kazetari: kezka, beldurra, galderak.

Bost axola haien olatuak; gure tanta da kontua.
Gure hondartzako tanta gorria da kontua.


2015/11/24

Gaztaina poltsa

Negu gorria hasi berri da. Hotz gero eta handiagoa egiten du, eta haize boladek ezpatek nola jotzen dute nire aurpegi biluziaren aurka. Manta gehiago beharko ditut gaua banku honetan pasatzeko asmoa badut, baina oso txiro nabil azken aldian. Bi egun daramatzat ezer jan gabe, eta nire urdaila negar batean ari da aspaldi, baina ez dut kontsolatzeko modurik. Nire aurretik pasatzen den jendeak harriduraz begiratzen dit. Harriduraz, penaz, eta baita mespretxu punttu batez ere. Lehenengo hortza erori berri izango duen neskatilatxo bat pasa da  eserita nagoen bankuaren aurretik. Bota sendo eta iletsuak daramatza galtzerdi potoloen gainean. Beroki luze bat, eta aurpegia ia guztiz ezkutatzen dion bufanda. Masail gorrixkak eta begi biziak ikusten zaizkio soilik. Gaztaina poltsa bat darama eskuan; eskularru goxo batek babestutako eskua, noski. Niri begira geratu da momentu batez, amaren eskuari tiraka. "Ama, zer egiten du gizon horrek hor? Ez al du hotzik?" Jakingo bazenu zer den hotza, maitea... "Ez du etxerik, Kattalin. Tira, goazen." "Ama, hotz izango da! Zerbait egin behar dugu!" "Ezin dugu ezer egin! Goazen!" Haserretzen hasi da ama. "Segundutxo txikitxo bat, amatxo. Oraintxe nator!" Korrika etorri da niregana, eta gaztaina poltsa eman dit. "Tori! Bero-bero daude, ikusiko duzu! Nik ez ditut nahi, eta esku artean hartzen badituzu goxo-goxo egongo zara! Benetan!" Begi disdiratsuz begiratzen dit, nik poltsa hartzeko zain. Eskua luzatu, eta eskerrak eman dizkiot irribarre erraldoi batez. Hunkitu egin nau neskatoak! Buelta erdi eman, eta amarengana itzuli da korrika. "Bota egin behar nituen, ama, eta bero zeuden, eta gizon hori hotz. Ez haserretu!" "Benga, goazen!" Joan baino lehen, azken begirada bat bota dit, eta irribarre egin du ni gaztaina poltsari besarkatuta ikustean. Eskuak bakarrik ez, bihotza ere berotu dit txikiak!

2015/11/22

Sugarrek desagerrarazi zuten arte

Negua zen. Negu gorria.

Eta hotz zen, oso hotz.

Halako batean, sua agertu zen bere bizitzan.

Beso irekiz eman zion ongietorria.

Bero zegoen haren ondoan.

Bero, goxo, ia-ia negua izango ez balitz bezala.

Pozik zegoen oso; eta bero.

Berotasuna, baina, erredura bihurtu zen pixkanaka.

Berotasuna ematen ziola zioen hala ere;

batzuetan pixka bat pasatzen zela,

baina nahi gabe.

Halakoxea zela sua.

Sua zen, eta erre egiten zuen.

Min egiten zion arren, ez zen haren errua …

“Nahi gabe” egiten baitzion mina.

Sufrimendua ere hasi zen denbora gutxira,

baina berotasuna galtzeak beldurra ematen zion.

Beldur zen negu gorrira itzuli behar izateaz;

nahiago zuen erretzen jarraitu.

Hainbeste erre, guztiz erre zen arte.

Sugarrek desagerrarazi zuten arte.


2015/11/03

Hareazko ametsak.

Hareazko ametsen menpe bizi izan naiz urte askoz. Behin eraiki, eta olatu nimiño batek eramaten dituela ikustean, sendoagotzen saiatu naiz; ondoko mutil harroxkoak suntsitu du berriro. Saiatu eta bersaiatu, beste batek hausten ez baditu nik neuk eraisten ditut, azken hondar alea falta baitzaie batzuetan; formarik gabeak dira besteak.
Gaur, ordea, burdinazko gaztelua eraikiko dut. Erraz egiten ziren harezkoak, berehala bukatzen nituen guztiak... Baina efimeroak ziren oso. Burdinazko gaztelua eraikitzen urteak pasa ditzakedan arren, badakit bukatuko dudala; lortuko dudala nire helburua. Gaurkoan bai.





2015/10/24

Egizu jauzi.

Jaio bezain laster, bide batean edo bestean jartzen zaitu bizitzak. Bideetako batek antzokiko eserlekuetara eramaten zaitu; eserleku erosoak dira, eta ikusle bakoitzak bat du bermatuta. Beste bideak, ordea, antzokiko eszenatoki gainera eramaten zaitu; bertan, rol arrotz bat antzeztu behar duzu. Aktore gehienek ez dute beren lana maite. Badakite badagoela eszenatokitik jauzi egiteko aukera, eserleku eroso horietako batean eseri eta antzezlana gustura ikusi ahal izateko. Batzuek berehala hartzen dute erabakia: jauzi egin, eta eserlekurik ez badago ere lurrean eseriko direla diote, aktore lanak egiteaz aspertu baitira dagoeneko. Hala ere, lurrean hotz handiagoa egiten du. Gainera, eserlekuetako ikusle batzuek uste dute antzezleek ez dutela eserleku bat merezi; beste batzuk eserleku bat uzteko prest daude, ordea, eta eskua luzatzen diete aktoreei errazago salto egin dezaten. Aktoreetako asko beldurtiak dira, baina: estenatokitik jauzi egiten badute, ezin izango dira berriro ere itzuli. Agian lurrean eseri beharko dira betiko, eta ez dute halakorik nahi. Izan ere, eszenatokian badute leku bat. Deserosoa da, bai, baina leku bat da azken finean. Asko erretiratuko dira aktore, armairutik irten ezinean.
   



2015/10/11

Neska perfektuek ikaratu egiten ninduten.

Neska perfektuek ikaratu egiten ninduten. Ez nintzen haiengana hurbiltzera ausartzen, gaizki usainduko ote nuen beldurrez. Haien eta nire artean izugarrizko desberdintasunak zeudela iruditzen zitzaidan, substantzia desberdinez osatuta bageunde bezala. Haien esku hotzek ez zuten izerdi tantarik botatzen, eta ez ziren sekula santan zikintzen. Haien ileak forma zehatz hori mantzentzen zuen beti. Ez zekiten zer zen ere ukondoak gorputzaren kontra estutu beharra, besapeetako orban ilun eta lotsagarri horiek ezkutatu nahian. Ez zuten inoiz, sekula sentitzen odol jario txiki hori, konpresa indartsuenak ere jasan ezin duen extra hori, beldurgarriro zure izterren artetik ihes egiten duena. Ez, inoiz ez; haien hilekoa diskretua zen; ama natura haien alde zegoen beti eta ez zien huts egiten. Nire normaltasuna inoiz ez zen haien fintasunaren parean egongo; beranduegi zen, gure arteko aldea handiegia zen zegoeneko.

- Alice Munro, nik itzulia.


2015/09/16

"A friend is someone who likes you"


Lagun bat da gustuko zaituen norbait
Mutil bat izan daiteke
edo neska bat
edo katu bat
edo txakur bat
eta baita sagu zuri bat ere.
Zuhaitz bat beste lagun mota bat da.
Ez du zurekin hitz egiten, baina badakizu gustuko zaituela,
sagarrak, gereziak, madariak edo, batzuetan,
kulunkatzeko leku bat ere ematen baitizu.
Errekatxo bat lagun bat izan daiteke modu berezi batean.
Marmar lasaigarriak xuxurlatzen dizkizu belarrira,
oinak freskatzen eta bere ertzean esertzen uzten, isilean,
hitz egiteko gogorik ez duzunean.
Haizea ere lagun bat izan daiteke.
Abesti goxoak kantatzen dizkizu gauero
loak hartzear bakarrik sentitzen zarenean.
Atzealdetik bultzatzen zaitu oinez zabiltzanean
eta udazkeneko hostoak dantzan jartzen ditu zuretzat.
Beti dago zurekin, noranahi zoazela ere,
eta horrelaxe erakusten dizu gustuko zaituela.
Batzuetan, ez dakizu oso ziur zure lagunak nor diren.
Batzuetan, hor daude beti,
baina haien ondotik pasa eta ez zara konturatzen
modu berezi batean gustuko zaituztela.
Batzuetan, lagunik ez duzula pentsatu arren,
hartu lasai, begiratu ingurura:
beti aurkituko duzu norbait zuri irribarretsu begira,
edo txakur bat buztana bereziki azkar mugitzen duena zu ikustean,
edo zuhaitz bat haren gainera erraz igotzen uzten dizuna,
edo errekatxo bat ixilik egon nahi duzunean
ixilik egoten uzten dizuna.
Batzuetan, zuk zeuk aurkitu behar duzu zure laguna.

- Joan Walsh Anglund, nik itzulia.


2015/09/08

Aurkezpenik ez, eskerrik asko.

Ados, kontzentratu. Inpresio ona eman behar duzu, jatorra izan baina ez hurbilegia, eta egin irribarre. Ados. Prest nago.
Eskua eman dit, baina ni banago bere masailera bidean jada. Mugimendu xelebre batekin keinua disimulatzen saiatu naiz, baina konturatu da; nik eskua atera arren, berea poltsikoan sartu eta musu bat eman dit masail batean. Hala ere, burua mugitu dudanean beste masailean ere musu bat eman diezadan, atzera egin du. Tonto aurpegi izugarria nirea... baita berea ere; zertan ari naizen galdetuko dio bere buruari, noski. Edo errudun sentituko da agian, bi musu eman ez dizkidalako... edo nik egin dut gaizki?
Irribarre urduri bat, buelta erdi eta banoa hemendik. Honetarako ere ez naiz gai; ikaragarria.

2015/08/20

Magia.

Pianoa jotzen zuen;
gela bat magiaz betetzen,
hatzen mugimendu soil batzuez
zati zuri-beltzak maitasunez laztanduz.
Milaka sentimendu oroitarazteko gai:
olatuek harrien kontra galdutako borroka hura,
etengabe beren buruaz beste eginez
ezer lortuko ez zutela jakin arren.
Pertsona berezi haren ondoan ikusi zenuen egunsentia,
eguzkiak zeruari su eman zion hartakoa.
Ohean sartu zineneko gau hura,
oroitzapen eta pentsamenduak
zure begiak irekita mantentzeaz arduratu zirenekoa,
zein tuntuna izan zaren gogoraraziz.
Neguko egun triste hartan
oinez igaro zenuen parke hutsa
eskuak beroki goxoko poltsiko beroetan sartuz,
besarkada baten beharra sentiaraziz.
Nota bakoitzaz ezezagunen bihotzak
malkoz edo irribarrez betetzeko gaitasun enbidiagarria.






2015/08/19

Margo horia.

Vincent Van Gogh-ek margo horia jan ohi zuen, bere barruak zoriontasunez beteko zituelakoan. Jende ugarik zoro zegoela pentsatzen zuen, inozoa zela; margoa toxikoa zelako eta, esan gabe doa, margoa jateak ez zuelako baten zoriontasunarekiko inongo loturarik. Hala ere, nik inoiz ez nuen hala ikusi. Zure zoritxarrak ideiarik zoroenak ere ondo irten daitezkeela pentsarazten badizu, zure barne organoen paretak horiz tindatzea adibidez, aurrera! Denok dugu gure margo horia.

- nik itzulia.

Vincent Van Gogh used to eat yellow paint because he thought it would get the happiness inside him. Many people thought he was mad and stupid for doing so because the paint was toxic, never mind that it was obvious that eating paint couldn't possibly have any correlation to one's happiness, but I never saw that. If you were so unhappy that even the maddest ideas could possibly work, like painting the walls of your internal organs yellow, then you were going to do it. Everyone has their yellow paint.

- taken from the internet.



                     

Made in China.

Gero eta zailagoa da ideia bat izatea. Ideiak baino gehiago, ideia berriak izatea da zaila. Dena dago asmatuta dagoeneko, dena idatzita, dena esanda. Guztiz berria eta originala den ideiarik ez dago, nire ustez. Beti egongo da norbait zuk baino lehenago ideia hori izan duena, edo antzeko zerbait behintzat. Nahiz eta ez esan izan, edo idatzi izan. Seguraski, ez duzu ideia hori zuk eraiki ere; esan egin dizute, irakurri agian... Batek daki. Hala ere, lehena edo originala ez izan arren, beti izan zaitezke ideia horren garatzaile onena. Askotan pentsatu izan dut idazten edo esaten dudana jende askok idatzi edo esan duela nik baino lehenago, baina tira, ez dudanez hori frogatzeko asmorik ere, guztiz original eta sortzaile sentitzea onartzen diot nire buruari noizean behin.


2015/06/29

Marizipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi.



Duela urte asko, liburu berezi bat ekarri zuen aitak etxera, Itziarrek itzuli zuela esanez. Irakurri nezakeen galdetu, eta ezetz, ez nuela ulertuko. Baina marrazki pila zituen eta! Nola ez zen, ba, umeentzat izango? Ba ez, ezin izan nuen irakurri, ez zelako umeentzat. 
Duela pare bat aste, apalak garbitzen ari nintzela, liburu berarekin egin nuen topo. Kuriositatez beteta, garbiketa alde batera utzi eta lurrean eseri nintzen, liburua esku artean. 
Marrazki asko zituen, bai, baina istoriotxo sinple bat zein sakon iritsi daitekeen ere...! Marizipriztin: neska txolina, printze zapaltzaile batekin ezkondua, etengabe menperatua... planto esan zuen arte. ''Printze batek salbatuko zuela pentsatzea ere! Hainbeste urte printze batekin bizi ostean, konturatu zen printzeak ez direla salbabidea...'' Guztiz ados! Badago printzeen esperoan bizitza osoa pikutara botatzen duen jendea, eta halaxe esango dizuet: Ez printze, ez printzesa ezta gaztelurik ere ez duzue lortuko bizitzan seguraski, baina ez kezkatu horregatik. Zoriontsuagoa izan zaitezke kale garbitzaile batekin, oraindik ordaindu gabe duzuen pisu ñimiñoan! Bizitza ez da Disney-ko istorioak bezelakoa, ez... ''Esango dizuet maitagarriak pottolotxoak direla, iletsuak, eta beltzaranak: gure barruan daude eta planto esaten dugunean agertzen zaizkigu.'' 
Orain ulertu dut liburuak esan nahi zuena; benetako esanahia. Berriz diot, oso sinple azaldutako istorio sakon eta errealista, guztiz gomendagarria. Bihotz-bihotzez zorionak Nunila López idazleari, Myriam Cameros marrazkilariari (zer nolako artista!) eta, nola ez, Itziar de Blas eta Mikel Garmendia itzultzaileei, barru-barruraino iristen den ipuin horietako bat aurrera ateratzeagatik!

Kontzertukeriak.

Goizeko ordu txikiak, San Juan jaietako azken kontzertua txosnetan. Nik taldea ezagutu ere ez dut egiten, baina beno, hementxe nago; begira. Nire ondoan dago abesti gutziak goitik behera dakizkien hori, letraz letra, behin ere erratzen ez dena. Shock egoeran dirudi, abeslariari liluratuta begira. Beste aldean alkoholarekin pixka bat pasa den hori, jo ta su dantzan eta abesten, nahiz eta ideiarik ere ez izan. Ondoan, hurrengo fasea: gazte bat lurrean, jaiki ezinean. Pena ematen dit, egia esan; baina tira, berak bilatu badu, hor konpon. Zer egin ez dakien neska bat ere badago: badakizki abesti pare bat, ez du dantzan egin nahi, eta ez daki eskuekin zer egin ere. Ilea ferekatu behin, birritan, hirutan... Ados, nahikoa. Edalontziari eutsi, azkenengo tragoa eman. Bukatu zaio edaria, ez du zentzurik eskuan plastikozko edalontzi huts bat izateak. Bota du, eta berriz ere ilera buelta. Ni hementxe, haiei begira, nahiko aspertuta. 
''Zer, atzoko kontzertua ondo?'' 
''Uf, ikaragarria.''


2015/06/27

La vita è bella.

Egia esan, ez gara ezer. Ez gara inor. Momentu honetan bertan, milaka ume ari dira argia lehen aldiz ikusten, birikak lehertu beharrean oihuka. Beste milaka familia, lagun, negarrez; galdu dute maite zutenetako bat. Hutsunetxo bat dute orain bihotzean; ados. Baina urte batzuen buruan, ahaztu egingo dute. Beren burua behartu beharko dute. Nahi eta nahi ez, ez dira bizitza osoan negarrez arituko.Urte batzuen buruan, oroitzapen goxo bat besterik ez da izango. Gazia, agian. Eta bukatu da. Bukatu da! Gazte, zahar, ospetsu, lagunkoi, bakarti... Bizitzan jenio bat izan ez bazara, munduaren historian zerbait aldatu ez baduzu, akabo. Ez zara historia liburuetan agertuko, jendeak ez zaitu gogoratuko. Txarra al da hori? Ez, ez dut hala ikusten. Bizitzan egin beharrekoa, edo, behintzat, egin ahal izan duzuna egin baduzu, zergatik damutu? Bizi ditugun urte guztietan zehar, eskema bat eraikitzen dugu gure barruan. Umetan, dena da erraza; amatxo, aitatxo, pare bat lagun, amama eta aitona asko jota. Gaztetan, adar gehixeago irekitzen zaizkigu. Bat aukeratu; ostia izugarria. Ados, hemendik ez. Beste bat hartu; honek hobexeagoa dirudi. Hala gabiltza, bide batzuk aukeratuz, beste batzuk atzean utziz. Gauza batzuei garrantzia emanez; besteei gero eta gutxiago. Halaxe eraikitzen dugu gure eskema propioa. Ondo antolatzen badakizu, zorionak. Bestela... zorte on. Zu zara diseinatzailea, eta zu erratzen bazara, zure gainera eroriko da eraikin osoa. Zuk sufritu, gainerakoek ''gaixoa...'' pare bat. Sufrimentua bakoitzarena da, eta inork ez du zuk bezala biziko. Bakoitzak jakin behar du nola maneiatu; ez dute gainerakoek egingo zuretzat. Heriotza beste kontu bat da. Naturala bada, hau da, adinak eragindakoa, onartzen dugu. Adin batetik aurrera, argi dugu denok heriotza aukera bat dela; datorrenean, malko pare bat eta listo. Horrela ez denean datoz komeriak. Seme-alabak gurasoak baino lehen hiltzea. Inoiz gaindituko ezinezko kontua. Betirako markatzen zaitu, eta bihotzeko hutsune hori ez du inork ez ezerk beteko. Sekula. Horrek eskema apurtzen dizu guztiz. Berreraikitzea da dagoen zailena. Horrelakoa da bizitza, eta halabeharrez gaude bere mende. Aprobetxatu beharko dugu dugun aukera hau, beraz.

2015/06/18

Bihotz hesitua.

Isila da bera; isila oso. Txikia zenetik ezagutzen dut, eta hala ere, ezagutuko ez banu bezala sentitzen naiz askotan. Hainbeste misterio ditu barnean, non bera ere haietako bat bihurtu zen aspaldi. Bihotz zauritu hura igaro ezinezko sare batez inguratzea erabaki zuenetik, ez da inor sartu bertan. Eta ez, ez dute gehiago mindu, ez da bihotz apurtzailerik sartu bertara, eta berdin dirau. Baina agian horixe da arazoa. Gehiago apurtzea saihesteko saiakera horretan, bihotz konpontzaileei ere itxi die bidea. Eta berdin dirau; bihotz alai hartara egindako bisitan norbaitek zati ñimiñotan apurtuta utzi zuen bezalaxe.

Goizean goizeko abenturak.

5. solairuan nago, eskaileren arteko hutsuneari begira. Argia itzalita dago, eta itzal arraroz beteta dago eraikina. Beldurgarria da, eta tentagarria aldi berean. Nire eskuinean, igogailu segurua: jeisteko modu azkar eta arriskurik gabea. Ezkerrean, eskailerak. Eskailera misteriotsuak; ate guztien aurretik pasatzean irekiko diren beldurrez. Ez, ez dut igogailua hartuko, eguna abentura batekin hasiko dut. Eta, gainera, argia ere ez dut piztuko, ze ostia. Korrika jaitsi ditut eskailerak, binan binan. Solairu bat gutxiago. Soinurik ez; isiltasun deseroso eta kilikagarria. Beste bat; goizean goizeko errietaren bat jasotzen ari da norbait 3.pisuan. Bigarren pisua; ia-ia egin dut estropezu, eta bihotz-taupadak gehiago igo zaizkit oraindik. Lehena; banago ia! Eta iritsi naiz solairu nagusira azkenean: arnasestuka, bihotza guztiz alteratuta, eta aurpegia gorri-gorri. Orduantxe irten da gizon bat igogailutik. Lasai, kezkarik gabe, traje guztiz plantxatua inongo izerdi tantarik gabe... Hasiberri hauek, ez dakite adrenalina zer den ere.

2015/06/09

Begirada trukeak.

(…) Gaur autobusez joan naiz ospitalera. Aurikularrak konektatu, eta leihotik begira eman dut bidaia: zeinen politak diren euri tantak euren artean lehiatzen, bata bestearen atzetik kristalean zehar korrika. Semaforo gorri batean geratu, eta kamioi gidari baten begiradarekin egin dut topo. Ez dut inoiz ikusi; ez zen inor gure begiradak gurutzatu diren arte. Momentu horretan lotura magiko bat sortu da gure artean, begirada bat partekatu duten ezezagun parea gara orain.

''Jostailu hautsiak'', Maria Oses.


Gauza politak.

Egunerokotasun aspergarria, errutina. Aspergarria oso. Goizero esnatzean ezer berezirik gertatuko ez zaizun sentsazioa. Beti betetzen dena, noski. Baina, egia esan, errutinaren barruan badago egun bakoitza berezi egiten duen zerbait. Egunero-egunero.
Esnatu eta erlojua begiratzean lo egiteko bost minutu gehiago dituzula ikustea.
Gailetak amaren kafesnean bustitzea. 
Irratia piztu eta zure abesti edo talde gustokoena jarri dutela entzutea. 
Eskutitz bat jasotzea. Edo idaztea.
Institutuko pasiloan mutil guapo horrekin gurutzatu duzun begirada, guztiz gorritu zaituena. 
Etxera iritsi eta bazkari goxo-goxoa mahai gainean. 
Okindegiaren aurretik pasatzean dagoen usaina. 
Liburu berrien usaina. Eta zaharrena. 
Poltsikoan aurkitu duzun oroitzapenez betetako paper zatitxoa.
Ekaitzari leihotik begiratzea; lainoen arteko borroka bero-berotan zaudela ikustea. 
Neguan berogailu ondoan eseri eta inoiz ez jaikitzea. 
Udako lehen eguzki izpiak, praka motzen eta tirantedun kamiseten inbasioa eragiten duten horietakoak. 
Xarma aurkitzean datza.



Ongi etorri!